Elkarrizketa

«Balantzea oso positiboa izan da, oso gustura nago egindakoarekin»

Imanol Garcia Landa 2024ko api. 17a, 19:59

«Oso harro» dago Lander Lasa saskibaloi jokalari bezala egin duen ibilbidearekin: «Profesionala izan naiz hamahiru-hamalau urtez, eta hori jende askok ezin du esan».

Larunbatean Lander Lasak (Tolosa, 1988) bere azken partida jokatu zuen saskibaloi jokalari bezala. Etxeko taldearekin, Redline Mekanika TAKErekin, eta Usabal kiroldegian egin zituen azken saskiratzeak. Taldea EBA ligan aritu da denboraldi honetan, eta azken partida 70-65 irabazi zion Gipuzkoa Basket Easori. Azken laugarren geratu da TAKE, eta horrek esan nahi du jaitsiera postuetan bukatu duela denboraldia. Partidaren amaieran hitz egin genuen Lasarekin.

Partida orain gutxi bukatu ondoren, nola sentitzen zara?

Oraintxe bertan pixka bat arraro sentitzen naiz. Oso urduri egon naiz azken egun hauetan, lo egiteko arazoekin-eta. Uste dut ez naizela oraindik kontziente ez naizela berriro motzez jantziko. Etortzen zaidanean oroimen hori, datorren astean, pixka bat tristeago egongo naiz. Orain, klubak eta taldekideek egin didaten harrera honekin, eta egin dugun partidarekin, horrela bukatzea plazer bat da, eta pixka bat lasaiago nago.

Kamiseta oparitu dizute, taldekideek sinatuta.

Bai, koadro batean sartuta eman didate kamiseta, etxean gordetzeko, eta oso opari polita da, betirako gordeko dudana.

Azken denboraldi honetan jokalari izateari uzteko erabakia hartuta zenuen?

Aurreko denboraldia bukatzera zihoala esan nuen utzi egingo nuela ez baginen EBA ligara igotzen. Azkenean igo egin ginen, eta Goar Artetxe entrenatzailearekin hitz egin nuen, eta urtebete gehiago luzatzea erabaki genuen. EBA ligan, maila polit batean, berriro ere jokatzeko aukera izan dut. Abendutik oso argi nuen azkeneko denboraldia izango zela, eta horrela izan da.

Eta uzteko erabakia nolatan hartu duzu?

Nik beti esan izan dut saskibaloian jokatzeari utziko niola fisikoki gehiago ezingo nuelako, edo nire orkatilek gehiago eutsiko ez ziotelako. Baina fisikoki ondo nago, eta bai izan da buruaren aldetik gelditu nahi nuela, eta baita talde honek ziklo aldaketa bat behar duelako. Gazteek izugarrizko garrantzia dute klub honen etorkizunean, eta uste dut hor ez dudala tokia. Nik uste dut erabaki ona dela bai beraientzako, bai niretzako, eta batez ere klubarentzako, etorkizunean berriro ere goraka joateko.

Nola bizitu duzu azken denboraldia?

Ilusio askorekin geunden udan, eta gero kiroldegiko grebaren kontua izan zen. Taldearentzako Beasainera joatea egoera arraroa izan da, kontuan izanda batzuk lana egiten dugula, beste batzuk ikasketak egiten ari zirela eta beranduago joaten zirela. BKL klubari eskerrak eman behar zaizkio, etxean bezala sentiarazi zigutelako, baina egia da gure etxea, Tolosa, gure indargunea dela. Horrez gain, bost partida oso gutxigatik galdu genituen; talde gaztea dugu, eskarmentu gutxikoa, gogo askorekin, maila oso gogorrean... Dena eman dugu, eta uste dut kluba pozik egongo dela egin dugunarekin.

Oraindik aukeraren bat badu taldeak EBA ligan mantentzeko, ezta?

Aukera bakarra da gure multzoko talderen bat mailaz igotzea, eta orduan gure taldea EBA mailan mantenduko litzateke.

Zer balantze egiten duzu zure kirol ibilbidearen inguruan?

Oso gazte Donostiara joan nintzen, eta ibilbide bat hasi nuen jakin gabe noraino iritsiko zen. Etxekoek asko lagundu didate, eta beti egon dira ondoan. Pixkana bidea egiten joan naiz, eta erabaki batzuk onak izan dira, eta beste batzuk txarrak, baina beti aurrera joan naiz. Ibilbidea izan da izandakoa; ni oso harro nago egindakoarekin. Beti dago zerbait hobeto egitea, baina behintzat profesionala izan naiz hamahiru-hamalau urtez, eta hori jende askok ezin du esan. Balantzea oso positiboa izan da, oso gustura nago egindakoarekin, eta urte gutxiago izango banitu, berriro errepikatuko nuke.

Saskibaloiari lotuta jarraituko duzu beste modu batera?

Oraingoz urtebetez erabat utziko dut. Jokatzen betirako, eta klubak behar banau aurrerago ikusiko dugu, ea orduan lasaiago nagoen; urte asko dira, oso nekatuta nago, eta atseden bat behar dut. Entrenatzaile bezala laguntza behar badute, beti egongo naiz laguntzeko prest.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!