Tolosaldeko ospitale publikoa

HAPOaren Aldaketa Puntuala egiteko urratsak ematen jarraitzen duela esan du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 15a, 16:00

Ostiral goizean egindako Planeamenduko Aholku Batzordean dokumentazioa aurkeztu ostean, ekarpenak egiteko epea eman diete batzordekideei. «Guk egin beharreko lanak aurreikusitako epeen barruan ari gara burutzen», adierazi du udalak.

Tolosako Udalak adierazi du bere gain dauden urratsak egiten jarraitzen duela, Iurre 24 eremuan ospitale berria eraiki ahal izateko egin behar den Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualari dagokionez.

Udal teknikariek dagozkien txostenak egin ondoren, ostiral goizean Plan Orokorraren Aldaketaren dokumentazioa aurkeztu zioten Planeamenduko Aholku Batzordeari. Orain ekarpenak egiteko 15 eguneko epea izango dute batzordea osatzen duten kideek.

Era berean, dagoeneko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari ingurumen-agiri estrategikoa egiteko eskaera egin dio udalak, dagokion dokumentazioa igortzearekin batera. Erakunde arteko talde eragilerako ordezkaria izendatu dezan ere eskatu dio Osasun Sailari.

Izapideak, epeen barruan

«Azken asteotan zabaldutakoaren kontrara, guk egin beharreko lanak aurreikusitako epeen barruan eta normaltasunez ari gara burutzen», adierazi du udalak. 

2023ko ekainaren 6an esleitu zion orduko jarduneko udal gobernuak, HAPOaren aldaketa puntuala idazteko zerbitzuaren kontratua, Rehabite Aholkularitza Teknikoa S. L. P. enpresari. «Kontratu horren iraupena hamaika hilabete eta astebetekoa da, eta lau fasetan banatzen da. Hala ere, aurreikusitako lau faseetako epeak eten egiten dira, agiriak aurkeztu eta izapidetu eta onetsi bitartean, edota beste administrazio batzuei eskatutako txostenen zain edo jendaurrean dauden bitartean».

«Prozesua abiatu ahal izateko, ordea, nahitaezkoa zen Osasun Sailak aurretik emandako informazioa osatzea, eta hura jaso arte ezin izan zen lanik aurreratu. Azaroan izan genuen Osasun Sailarekin informazio hori jasotzeko bilera teknikoa, eta urte amaieran jaso genuen enpresak idatzitako lehen faseko lanari dagokion dokumentua. Geroztik, udal teknikariak dagozkien txostenak egiten aritu dira, eta jada Planeamenduko Aholku Batzordeari eman zaio horren guztiaren berri»,, adierazi du udalak. 

Ondoren, zer?

Behin hau eginda, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren txostena jasotakoan, HAPOaren Aldaketa Puntualari hasierako onespena eman ahalko dio udalak.

Gero, jendaurreko entzunaldia zabaldu eta txosten sektorialak eskatuko dituzte –URA, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentua, Osasun Saila, etab.–. Epe horretan, herritarren parte hartzeko bigarren bilera irekia ere antolatuko du udalak. 

Ondoren, txosten sektorialek esandakoarekin eta herritarrengandik jasotako ekarpenekin dokumentua osatuko da, behin behineko onespena eman ahal izateko. 

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Sailak dokumentuari oniritzia eman ondoren, behin betiko onartu ahal izango du udalak HAPOaren Aldaketa Puntuala. Aldaketa hori gauzatuta, udalak Osasun Sailaren esku utziko ditu lurrak, eta ordutik aurrera ospitalea eraikitzeko aukera izango luke, dagokion proiektua idatzi eta gero.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!