Indarkeria matxistari aurre egiteko hitzaldi irekia, ostiralean

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 10a, 11:57

19:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan, Norma Vazquez psikologa feministak gidatuta. Tolosako osteopataren kasuari eta udala biktimen erreparaziorako eskubidea bermatzeko egiten ari den esku-hartzeari lotuta dago hitzaldia.

Yo si te creo… siempre que no conozca al agresor izenburupean, ostiral honetan, apirilak 12, indarkeria matxista hizpide duen hitzaldi irekia antolatu du Tolosako Udalak, hain zuzen, osteopataren kasuari eta udala biktimen erreparaziorako eskubidea bermatzeko egiten ari den esku-hartzeari lotuta. 

Hitzaldia herritar ororentzat irekia izango da eta 19:00etan hasiko da, udaletxeko pleno aretoan. Norma Vazquez psikologo feministak gidatuta, indarkeria matxistari aurre egiteko gizartean sortzen diren kontraesanen inguruan gogoeta kolektiboa bultzatu eta zabaltzea izango du helburu. 

Horrela, hitzaldian bertan, elkarrizketarako espazioa eskainiko da eta indarkeria matxistaren biktimekiko zein indarkeria mota hori eragiten duenekiko pertzepzioen eta jarreren inguruan hausnarketa egitera gonbidatuko dituzte parte-hartzaileak, bereziki biktimak, edota bere ingurukoak, erasotzailea ezagutzen duten egoeren inguruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!