Bederatzi domina lortu dituzte Alpino Uzturreko eskiatzaileek

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 25a, 10:29

Asteburuan izan da jokoan iraupen eskiko Espainiako Txapelketa, Aran bailarako Beret eski estazioan, eta Imanol Rojo nabarmendu da urrezko bi dominekin.

Hiru modalitatean jokatu da Espainiako Txapelketa. Estilo librekoan hiru domina lortu zituzten Alpino Uzturrekoek: Imanol Rojok urrea lortu zuen absolutu mailan, tarte handiz irabazi 15 kilometroko proba; Libe Currasek zilarrak lortu zuen 14 urtez azpikoan, 5 kilometroko proban; eta Iker Aranburuk ere zilarra lortu zuen 12 urtez azpiko mailan, 2,5 kilometroko proban.
 
Estilo klasikoan, Imanol Rojok absolutu mailan irabazi zuen eta beste urre bat jantzi, 10 kilometroko proban; Hodei Juaristi laugarren izan zen 18 urtez azpikoetan (10 kilometro); June Aranburuk brontzezkoa lortu zuen 16 urtez azpikoetan (5 kilometro); Libe Currasek ere brontzezko domina lortu zuen 14 urtez azpikoetan (5 kilometro); eta Iker Aranburuk zilarra lortu zuen 12 urtez azpikoetan (2,5 kilometro).
 
Hirugarren modalitatean, Team Sprint estilo librean, elkarte eta genero bereko bikoteak lehiatu ziren. Gizonezkoen absolutu mailan Imanol Rojo eta Hodei Juaristi hirugarren izan ziren, eta 16 urtez azpiko emakumezkoetan, June Aranburu eta Libe Curras bigarren izan ziren.
 
Bestalde, denboraldiaren zehar, Espainiako Kopa osatzen zuten 11 lasterketetan (3 gurpil gaineko eskietan eta 8 elurretan) lortutako puntuak batuz, Espainiako Kopako sailkapenetan ere emaitza bikainak lortu dituzte Alpino Uzturrekoek. Taldekakoan, 21 elkarteen artean, Alpino Uzturre laugarrena izan da. Banaka, 14 urtez azpikoetan, Libe Curras lehenengoa izan da eta Inge Arin bigarrena; 16 urtez azpikoetan, June Aranburu bigarrena izan da; eta master 1 gizonezkoetan, Harkaitz La Vega bigarren izan da.
 
Argazkiak: Julen Juaristi

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!