Martxel Iztuetak bere lehen txapela jantzi du profesionaletan

Imanol Garcia Landa 2024ko mar. 23a, 19:44
Agirre eta Iztueta, txapelak soinean dituztela. EITB.EUS

Agirrerekin batera Binakako Serie B Txapelketa irabazi du tolosarrak, Larrazabal-Eskiroz bikoari 22-6 gailenduta.

Faboritoak aurkariak baziren ere, iazko txapeldunak eta finalerdietan oso sendo aritu ondoren, gorriz jokatu duten Agirre eta Iztueta erraz gailendu dira finalean. Hasieran urdinak hasi dira irabazten, 0-3, eta bazirudien finala menperatzen ari zirela, baina hor hasi da Agirreren erakustaldia, eta partida bukatu arte ez da amaitu. Urteak daramatza Agirrek profesionaletan, eta final bat nola jokatu behar den erakutsi du: gorriek bazekiten txapelak janzteko modua Agirrek aurrealdean jokoa nahastea zela eta Iztuetak atzean eustea, eta bikain atera zaie plana. Agirrek erremate on pila bat egin ditu eta egindako 12 tantorekin eta galdutako bakarrarekin bukatu du.

Iztueta pixka bat urduri hasi da finala, eta galdu duen tanto bakarra partidako lehenengoa izan da, indarrez atzera eman eta pilota frontisetik ateratzerakoan sabaian jo duenean. Hortik aurrera, eta Agirreren jokoak ematen zion lasaitasunarekin, pilotak gozatzen hasi da eta eskuinez zein ezkerrez ederki moldatu da tolosarra. Eskirozek atzean aginduko zuela espero zen, baina alderantziz izan da. Larrazabal, bien bitartean, Agirreren jokoari ondo erantzun ezinda, hainbatetan huts egiten hasi da, eta azkenean zazpirekin amaitu du; hiru tanto bakarrik egin ditu aurrelari urdinak.

Iztuetak oso pozik hitz egin du EITBko mikrofonoetan, 20 urte egin berritan bere lehen txapela irabazi ostean: «Inondik inora ez genuen espero partida hain erraz joatea. Sekulako bikotea genuen aurrean, eta ni urduri samar etorri naiz. Gero frontoira atera eta gauzak ondo atera dira, eta biok oso ondo jokatu dugu». Labrit pilotalekuan «sekulako giroa» izan dela gaineratu du tolosarrak eta familiari, lagunei eta animatzera joan diren guztiei eskaini die txapela.

Agirrek, bere aldetik, hasieran galtzen joan arren pixkana partidan sartzen joan direla azaldu du: «Aurrean asmatzen joan gara, Martxel ere askatzen joan da eta dominatzen hasi da, eta gero dena alde izan dugu. Tartea hartzen joan gara poliki-poliki eta horrek ere konfiantza areagotzea ekarri digu eta horrekin garaipena lortu dugu». Berak zein Iztuetak «sekulako partida» egin dutela esan du: «Ez diegu utzi jokoaren ekimena eramaten eta horregatik nik aukera gehiago izan ditut, eta asmatu egin dut». Finala arte txapelketa «biribila» egin dutela gaineratu du, eta finala irabaziz «are biribilagoa» izan dela: «Biok oso ondo funtzionatu dugu eta horrekin oso pozik nago». Agirrerentzat bosgarren finala izan da gaurkoa eta hirugarren txapela profesionaletan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!