Apirilaren 4tik 7ra ospatuko dute Tolofolk jaialdia

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 21a, 18:00

Hovhannes Karakhanyan artista armeniarrak zabalduko du egitaraua eta, guztira, zazpi kontzertu izango dira; Euskal Herriko zein nazioarteko musikariek hartuko dute parte, eta doan izango dira ikuskizunak.

Apirilaren 4tik 7ra egingo dute Tolofolk musika jaialdiaren laugarren edizioa. Guztira, zazpi kontzertu antolatu dituzte egun horietan, eta Euskal Herriko eta nazioarteko musikariek hartuko dute parte. Kontzertuak Tolosako hainbat tokitan egingo dituzte, eta guztiak ala guztiak doan izango dira.

Ostegunetik igandera antolatu dituzte ikuskizunak eta artisten artean dago, besteak beste, Hovhannes Karakhanyan artista armeniarra. ‘Duduk’ munduko instrumentu zaharrenetarikoa jotzen du eta apirilaren 4an emango du kontzertua Berdura plazan, egitaraua zabalduz. Nabarmentzeko beste talde bat da Balkan Paradise Orchestra, zeina haize eta perkusioko hamar musikarik osatzen duten; horiek apirilaren 6an –larunbata– Plaza Berria girotuko dute 20:00etatik aurrera. Bestalde, jaialdian parte hartuko dute bertako musikariek ere: apirilaren 5ean emango du kontzertua La Jodedera taldeak eta apirilaren 7an, jaialdia itxiko du Xabier Zeberio tolosarrak. Antolatzaileek aurreratu dutenez «emanaldi berezia» eskainiko du laukote formatuan, Arineketan bikotearekin eta biolontxelo-jotzaile batekin batera.

Goiuri Ezeiza kultur zinegotziak jaialdiak «eskaintzen duen aniztasuna» nabarmendu du: «Diziplina, estilo, instrumentu eta jatorri ugariko musika eta musikariak entzuteko aukera izaten dugu urtero. Musika bere horretan aberatsa eta anitza da oso, eta horregatik norbere gustuak alde batera utzita, gerturatu eta txunditzen uzteko gonbita egiten diot herritar orori». Era berean, JeaJeaka kultur elkartearen lana txalotu eta eskertu ditu. 

Laugarrena segidan
JeaJeaka kultur elkarteak antolatu du laugarren urtez Tolofolk jaialdia eta aurten ere helburu ditu kultura herrikoiari «oihartzuna eta indarra» ematea, eta folk musikariei «ikusgarritasuna ematea». Aurten ere Euskal Herriko eta nazioarteko artistak bildu dituzte, izan ere, musikariak etorriko dira Armeniatik, Okzitaniatik, Kataluniatik eta Kantabriatik.

 

TOLOFOLK JAIALDIA
  • Apirilaren 4a, osteguna.
    • 19:00 | Berdura plaza. Hovhannes Karakhanyan artista armeniarrak ‘Duduk’ instrumentua joko du hirukote formatuan, gitarraz eta perkusioaz lagunduta.
  • Apirilaren 5a, ostirala.
    • 19:00 | Berdura plaza. Otxo. Maider Martineau eta Lolita Delmonteil-Ayral bikoteak herrialde desberdinetako kantak eskainiko dituzte, eskusoinuz, perkusioz eta haizezko instrumentuz lagunduta.
    • 23:00 | Fronton. La Jodedera. Musikari euskaldunez eta kubatarrez osatutako taldeak bi herrialdeetako doinu eta erritmoen fusioaz osaturiko emanaldia eskainiko du.
  • Apirilaren 6a, larunbata.
    • 12:00 | Tolosan zehar. Kalepoza. Kalea poztuko duten musika emanaldiak entzungai izango dira Tolosan zehar dultzaineroekin, txistulariekin, txarangekin…
    • 18:30 | Plaza Berria. Pandereteras de Ruente. Hirukotek bederatzi urte daramatza kanta herrikoiak abestuz, besteak beste, panderoaz zein panderetaz lagunduta. 
    • 20:00 | Plaza Berria. Balkan Paradise Orchestra. Haize eta perkusioko hamar musikarik osatutako orkestra honek «energiaz eta indarrez beteriko» ikuskizuna eskainiko du.
  • Apirilaren 7a, igandea.
    • 19:00 | Berdura plaza. Xabier Zeberio eta Arineketan bikotea (Iñar Sastre piano-jotzailea eta Jagoba Astiasaran txistularia), laukote formatuan izango dira Tolosan, Alejandro Saul Martinez biolontxelo-jotzailearekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!