Planetaren Ordua egitasmoarekin bat egingo du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 20a, 18:37

Larunbatean eraikin publikoetako argi apaingarriak itzaliko dira, eta udalak herritarrak animatu ditu, bat egin eta ordubetez argiak itzaltzera.

Larunbatean, hilaren 23an, Planetaren Ordua ospatuko da mundu osoan. Ingurumenaren aldeko mobilizaziorik handienetakoa da, eta besteak beste, natura gure bizi-euskarriaren sistema dela gogoraraztea, eta gizartea klima-aldaketaren arazoaz ohartaraztea da helburua. Ordubetez argiak itzaltzea da egitasmoaren funtsa, klima aldaketaren eta biodibertsitatearen galera geldiarazteko. Izan ere, 60 minutuk gutxi diruditen arren, mundu mailan bat eginez, ordu hori milaka orduko ekintza bihurtzen del azaldu dute. 

Tolosako Udalak bat egingo du egitasmoarekin eta larunbatean, eraikin publikoetako argi apaingarriak itzaliko ditu, hala nola, Zerkausiko arkuak apaintzen dituzten argiak, udaletxekoak, kultur etxekoak, Musika Eskolakoak edo Euskaldun Berria zubikoak. Itzaliko diren argiak apaingarriak dira eta, horrenbestez, eraikin publiko horien barruko argiteria piztuta mantenduko da.

Udalak herritarrak animatu ditu egitasmoarekin bat egin eta ordubetez argiak itzaltzera, «klima aldaketaren galera geldiarazi eta gure natura eta planeta zaintzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!