Tolosako osteopataren sexu erasoen inguruko entzute-gunearen bigarren saioa, larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 20a, 14:08

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean izango da saioa, 10:00etatik 12:00etara, hori ere, Clara Wolfram Perezek dinamizatua.

Tolosako Udalak eta Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak elkarlanean elkarri entzuteko gunea antolatu zuten, osteopata batek herrian egindako sexu-erasoen aurrean, erreparazioa abiatzeko. 

Entzute-gunearen lehen saioa joan den martxoaren 16an egin zen eta saio horretan, bigarren bat antolatzeko beharra ikusi zen, bai parte-hartzaileen zein saioa gidatu zuen adituaren partetik. Bigarren saioa larunbat honetan, martxoak 23, egingo da. Soilik osteopatari loturiko indarkeria-egoerak jasan dituzten emakumeei eta haien gertukoei dago zuzenduta. Saioa, indarkeria matxista, berdintasuna eta emakumeen ahalduntze lanetan aditua den Clara Wolframek dinamizatuko du eta Andragoran izango da 10:00etatik 12:00etara.

Ez da izen ematerik egin beharko eta ez da beharrezkoa lehen saioan parte hartu izana bigarren honetan ere parte hartzeko. Nahikoa izango da egun horretan bertara azaltzearekin. Zalantzarik izanez gero, Andragorarekin harremanetan jarri ahal izango da, hiru bide hauetako bat erabilita: 943 00 89 67 telefonora deituta, andragora@andragora.eus helbidera idatzita edo etxera bertaratuta. 

Amaitzeko, egoera hau jasan duten emakumeen eta gertukoen intimitatea eta pribatutasuna errespetatzeko, adeitasunez eskatzen da gaiarekin zuzenean lotura ez duten pertsonak saiora ez joatea. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!