Euskal Zirku elkartearen lehen topaketa, Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 14a, 07:58

Asteburu honetan, Euskal Herri osoko artisten elkargune izango da San Esteban auzoan dagoen Gure Zirkuaren karpa.

Euskal Zirku Elkarteak (EZE) lehen topaketa antolatu du Tolosako Gure Zirkugunean, San Esteban auzoan kokatuta dagoen karpan. Asteburu honetan izango da, martxoaren 15etik 17ra. Euskal Herriko artista profesionalak elkartu, ezagutu eta esperientziak partekatzeko helburuarekin antolatu dute. «Topaketa hau antolatzeko formula desberdin bat erabili dugu, sinergia berriak sortzeko helburuarekin», adierazi dute antolatzaileek.

Ostiral iluntzean helduko dira artistak Euskal Herri osotik. Karabanan bertaratzen direnek zirkuko karparen atzealdean prestatutako aparkalekuan utzi ahal izango dute, eta bertan egin dezakete lo asteburuan. Lotarako tokirik ez dutenek, zirkuko karpan izango dute horretarako aukera. Elkarrekin afaldu ondoren, datozen egunetarako zereginetan izena eman beharko dute, hala nola, garbiketa, kabaretaren antolaketa edo sukaldea.

Zirku elkartetik esan dutenez, batez ere, elkarteko kideak daude gonbidatuta topaketara. «Hala ere, ez da artistentzat soilik antolatutako ekitaldi bat izango. Tolosa eta inguruko haur eta familiek ere bertaratu eta instalazioak ezagutzeko aukera izango dute».

'Zirku kabareta'

Topaketaren barruan, eta artistak elkartuko direla kontuan izanda, herritarrentzako saio bat ere egingo dute Gure Zirkuaren karpa handian: Zirku kabareta. Hilaren 16an, larunbata, izango da, 19:30ean hasita eta ordubete inguruko iraupena izango du.

Elkartetik adierazi dutenez, kabareterako teknika guztiak antolatuta dituzte, eta beraz, dena prest dute artistak bertaratzen direnerako. «Dibertsioz beteriko iluntzea izango da», aurreratu dute. Saiorako sarrerak Billeto.es webgunean edo egunean bertan leihatilan eskuratu daitezke, bost euroren truke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!