IX. Lanbide Heziketa Azoka 2024

«Aukeraz beteriko etorkizuna irudikatzen dut»

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 12a, 10:00

Xabier Gabirondo Zuloaga Diagnosi Irudiko eta Medikuntza Nuklearreko lehenengo maila ari da egiten Inmakulada Lanbide Ikastola Integratuan.

Zergatik hautatu zenituen ikasketa horiek?

Osasunaren arloan interesa izan dut betidanik, erresonantziak eta erradiografiak egin… Gainera, duela bi urte nire anaia Andonik, zikloa egin zuen, eta gustura egingo nuelakoan animatu egin ninduen. Eta, egia esan, nire aurreikuspenak betetzen ari dira erabat.

Ziklo hau egin aurretik bestelako goi mailako ikasketak egin zenituen, ezta?

Bai hala da; Gasteizen dagoen Hezkuntza eta Kirol Fakultatean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua egin nuen. Halere, nire formazioa ziklo batekin osatu nahi izan dut, irteera ezberdinak edukitzeko eta nire lan aukerak zabaltzeko.

Ziklo hau eginez, zer lortu nahiko zenuke?

Unibertsitate esparrutik natorrenez, zikloaren bitartez lan aukerak zabaltzea espero dut. Goi mailako zikloek lan munduarekin harreman zuzenean jartzen zaituzte.

Nola uztartzen dituzu ikasketak eta lana?

Goizetan Diagnosi irudia egiten ari naiz, eta hainbat arratsaldetan Erradioterapia zikloa. Beraz, zikloa amaitzean gradu bikoitza izango dut. Horretaz gain, arratsaldeetan lanean ari naiz, lanaldi osoan, lantegi batean. Gogorra da, baina esperientzia bezala paregabea da, eta ez nuke aldatuko. Guztia uztartzeko eskolak ahalik eta gehien aprobetxatzen ditut. Klaseak oso ondo antolatuta daude, oso garbi izaten dut egin behar dudana, beraz, klaseei ahalik eta etekin gehien ateratzen saiatzen naiz, eta horrela etxera eraman beharreko lana gutxiago izaten da.

Zer iruditzen Inmakulada Ikastolako erronken araberako metodologia?

Lan dinamika kooperatiboa da, hau da, ikasleak taldeetan antolatzen dituzte eta denon ardura da planteatzen dizkiguten erronkei erantzun egokia ematea. Berehala jartzen gaituzte informazioa bilatzen eta ikerketa lanak egiten, lan egiteko oso modu praktikoa da, eta ikasten dugunak zentzu handia izaten du, hau da, badakigu zertarako ari garen ezagutza hori lantzen. Autonomia handia eskatzen duen metodologia da eta nik asko disfrutatzen dut.

DBH edota Batxilergotik datorren ikasle bati zer gomendatuko zenioke?

Egunerokotasuneko ildoa ez galtzeko esango nioke, hau da, klaseko orduari etekina ateratzea, bertan egongo diren irakasleen sostengua bilatzea bidelaguntza edukiko dutelako; beraz, klaseko dinamikan eta zereginean inplikatzea eta zukua ateratzea gomendatuko nioke. Zikloa bizitzea. Gerora, lan munduan horrelako jarrera ikaragarri antzematen da. Bestetik, esan dudan bezala, irakasle talde oso onarekin egin dut topo; ikasleekin asko inplikatzen dira, enpatia handia dute, beraz, lasai egoteko esango nieke, gidaritza ezin hobearekin egingo baitute topo.

Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?

Egiten ari naizena asko gustatzen ari zait eta ikasketak amaitzean ez dut baztertzen esparru honetan lan egitea; halere, Kirol Gradua dudanez horretan ere ikusten dut nire burua. Finean, lan munduan txertatzea espero dut eta aukera ezberdinak izango ditudanez, arlo ezberdinak probatu nahiko nituzke. Aukeraz beteriko etorkizuna irudikatzen dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!