ELKARRIZKETA

«Jaialdi bat baino gehiago da»

Leyre Carrasco 2024ko mar. 15a, 07:59
May Gorostiagak Kalabaza Saria banatuko du Ahoz Aho jaialdiaren barruan. LEYRE CARRASCO

Antzerkilari amorratua da May Gorostiaga (Tolosa, 1971) eta horren errudun Tolosako Inauteriak direla dio tolosarrak. Urteak daramatza clown, narrazio eta ipuin munduarekin lotuta, eta duela hamazazpi urte, Tolosan, Ahoz Ahoz izeneko Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia antolatzen hasi zen Intujai Teatro, Tolosako eta Ordiziako udalekin batera. Egun Euskal Herriko 21 herri hartzen ditu jaialdiak, eta tartean daude eskualdeko zenbait herri. Urtetik urtera zabaltzen ari dela kontatu du tolosarrak, sei artista izatetik 25 artista baino gehiago izatera igaro baitira.

Martxoaren 23an emango diote amaiera Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiari; datorren hitzordua bihar izango da, eta Amarozko basoan zehar El Bosque Mítico ibilaldia egingo dute, Aitor Ventureira tolosarraren gidaritzapean.

Noiz hasi zinen antzerkigintzan?

Gogoan dut 2 urte nituela, aitarekin batera, Tolosako Inauterietako karroza batean atera nintzela. Tolosako Inauteriak horren errudun direla esan izan dut beti. Horren ostean, 22 urte inguru nituela, profesional bezala hasi nintzen. Diru pixka bat aurreztuta nuen eta ikastaro pilo bat egin nituen. Goiz hasi nintzen klaseak ematen eta hortik ere asko ikasi dut. Egun Donostiako TAE arte eszenikoen tailerrean nago irakasle moduan, eta gainera, clowna, ipuin kontalaritza eta antzerkigintzako diziplina ugari ukitu ditut.

Zein duzu diziplina horietatik guztietatik gustukoena?

Zaila da esatea, clowna izugarri maite dut baina ipuinak ere maite ditut. Gainera, bi diziplina hauetan ez dago guk deitzen diogun laugarren pareta, eta publikoari zuzenean begiratzen diogu. Antzerki konbentzionalen kasuan, ez diozu zuzenean publikoari begiratzen, baina clownean eta ipuinetan pareta hori ez da existitzen eta gertuko begirada eta entzumena egoten da, alegia, artista eta publikoaren artean elkarrizketa bat sortzen da. Hor eroso sentitzen naiz eta gustatzen zait.

Zer da zuretzat antzerkigintza?

Beti esaten dudan moduan, mundua perfektua izango balitz, antzerkia ez litzateke beharrezkoa izango. Beraz, ea antzerkiari esker mundua pixkanaka hobetzen dugun edo, behintzat, ea aurkitu baino hobeto uztea lortzen dugun.

 

«Mundua perfektua izango balitz, antzerkia ez litzateke beharrezkoa izango»



Antzerkigintza munduan sartzea zaila dela diote askok. Hala da?

Bai, baina mantentzea zailagoa dela esango nuke. Izan ere, gazte asko daude izugarrizko formazioa dutenak eta egin duten telesaila edo antzezlana bukatu ostean, bi urte igaro eta inor ez da beraietaz gogoratzen. Horiek urte pilo bat egoten dira beste gauza batzuk egiten, eta euren gurasoak ere antzerkigintzaren alde egon arren, badaezpada beste zerbait gehiago ikasteko gomendatzen diete. Beldur soziala existitzen da, eta kasu horiek horren adibide dira. Ez da erraza, baina beti esaten dudan moduan, gu ez gara honetaz bizi, honetarako baizik.

Beraz, antzerkigintza diziplina bakartia dela esan daiteke?

Bai, sare oso bakartia da eta guk ez badugu elkar zaintzen, gu ez gaitu inork zainduko. Ez dut ulertzen aktoreen arteko lehia, gure artean onura bilatu beharko genuke. Gure kasuan, nire emazteak eta nik osatzen dugu Intujai Teatro, baina inguruan ere gure atmosfera dugu; hau da, jende asko dugu inguruan, perfil ezberdinekoa. Batzuk ez dira inoiz oholtza batera igo, beste batzuk artistak edota gure ikasleak dira, baina behar dituzunean beti hor daude laguntzeko prest, eta beraiei esker gauza mordo bat egin ditugu.

 

«Guk ez badugu elkar zaintzen, gu ez gaitu inork zainduko»



Intujai Teatroko sortzailea zara, zure emaztearekin batera. Noiz hasi zineten?

2006an ezagutu genuen elkar, eta bi urte beranduago, teatroa gorpuztu genuen. Gure helburua antzerkiaren bidez loratzea da, eta askotan esan izan dugun moduan, gure funtsezko lana harriak kentzea da, metaforikoki, ea norbaitek kultur espazio horretan zerbait landatu dezakeen. Askotan ez da ikusten lan hori nola orraztu behar dugun datozen belaunaldietan. Guk oso zaila izan genuen denbora luzez, ez zegoelako formazio nahikorik, eta nire kasuan, Pasaiara joan behar izan nuen. Nik zortea izan nuen baina jendeak urrutiagora joan behar izan du formazioa jasotzea. Egun, berriz, askoz eskola gehiago daudela esan daiteke, eta oraindik asko falta bada ere, pixkanaka hazten ari gara eta tendentzia horretan jarraitu behar dugu.

 

«Gure helburua antzerkiaren bidez loratzea da»



Plaza handi zein txikietako oholtzatan ikusi zaitugu askotan. Publikoaren aurrean jartzen zarenean zein sentsazio izaten duzu?

Garai batean sexua izatea bezala zela esaten genuen, oso atsegina zelako, klima oso ona zegoelako eta bukaeran ez zenuelako jakiten zer gertatzen zen. Oholtza gainean zaudenean edozein gauza egiteko gai izaten zara, eta horri esker, katarsi moduan, bizitzan ere edozer aldatzeko gai izaten gara.

Zein aholku emango zenioke antzerkigintzan hasi nahi duen norbaiti?

Probatzeko. Antzerkia ez da soilik profesionalentzat, askotan erabiltzen dute batzuk terapia moduan eta beste batzuk bilaketa bat egiteko. Egun, adibidez, tailer oso interesgarriak eman ditut sorkuntza iturri bezala. Artista plastikoak, gidoilariak, dantzariak eta beste diziplinetako artistak antzerkira gerturatu dira iturri bezala, ideia batzuk hartzeko, prismak aldatzeko eta aberasteko. Egun artista poliedriko pila bat daude eta hori oso polita da.



Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia antolatu duzue, hamazazpigarrengoz. Zer da?

Ipuin kontalarien topaketa da, eta nazioarteko zein euskaldun artista ugari etortzen dira. Duela hamazazpi urte hasi ginen eta bi euskaldun eta lau kanpotar bakarrik etortzen ziren. Aurtengo edizioan 50 ekitaldi baino gehiago, 25 artista baino gehiago, eta 20 herri baino gehiago izango ditugu. Azkenean, jaialdi bat baino gehiago da eta pixkanaka gorpuzten ari da. Gainera, azken urteetan gauza oso politak gertatzen ari dira. Esaterako, euskal kontalarien arteko harremanak ehuntzen ari dira. Izan ere, topaketak antolatu ditugu tartean, eta aukera honi esker, gure kezkak eta nahiak mahai gainean jarri, batu eta tribua bihurtzen da.

Zein helburu du jaialdiak?



Ipuin kontalaritza beste arte bat dela aldarrikatu nahi dugu. Arte eszenikoen barruan nekatuta gaude ipuin kontalarien emanaldiak agendaren barruan bestelakoak atalean ikusteaz. Zergatik ez kontalaritza atalean? Bestelako atal horietan agertzen diren hamar puntuetatik zortzi ipuin kontalariak izaten dira. Horregatik, beharrezko balioa ematea eskatzen dugu.

Ipuinak kontatzetik harago badituzte beste hainbat zeregin ipuin kontalariek. Zeintzuk?

Lan asko dago atzetik, horregatik, urtean zehar formazio ugari jasotzen dugu, punta-puntako kontalarien eskutik. Izan ere, ipuin kontalari bakoitzak bere estiloa du. Diziplina oso bakartia izan arren, arte eszenikoa da, lanbidea da eta bi ardatz horiek hartuta teknifikatu egin beharko litzake.

Otsailaren 15ean abiatu zenuten jaialdia. Zer moduz ari zarete?

Orain arte oso ondo. Artista ugari etorri dira eta beste asko etortzeko daude oraindik. Besteak beste, Charo Pita galiziarra, Aldo Mendez kubatarra, Nelson Calderon kolonbiarra, Vera Makucevica letoniarra, Celine Rainord frantsesa, eta etxeko artista ugari ere tartean daude. Publikoaren aldetik oso pozik gaude, publikoa fidelizatzen ari baita. Alegia, jende gutxi etortzen da baina etortzen diren horiek guztiek errepikatu egiten dute. Hala ere, saioak betetzen ari dira, jende asko jaialdiaren inguruan galdetzen ari da, herri gehiago ari dira gerturatzen hurrengo edizioetara begira, eta gu beraien eskaera guztietara zabalik gaude, hori baita lortu nahi duguna, bozgorailua jarri eta leku guztietan ipuinak zabaldu nahi ditugu. Aldi berean ere eskatzen dugu ez bakarrik martxoan, urte guztian zehar ipuin kontalaritzarekin bat egiten jarraitzeko, mesedez. Jaialdia ez da irla bat bihurtu behar urtean zehar.



Zein beste ekintza egiten dituzue urtean zehar?

Ekintza ugari izaten ditugu urtean zehar; antzezpenak egiten ditugu, ipuin kontalari saioak, topaketak edota eskola magistralak ere antolatzen ditugu. Horiek guztiekin bat egiteko gonbita ere egin nahi diegu herritarrei.

Berrikuntzarik egin diozue aurtengo ediziori?

Urtetik urtera gauza berriak txertatzen saiatzen gara. Jaialdiaz gain, topaketak eta lehiaketak egiten ditugu tartean. Aurten, martxoaren 20an, Ahozkotasunaren Nazioarteko Egunean ekitaldi bat egingo dugu Arrasateko Kulturate kultur etxean, non Juan Kruz Igerabide ipuin kontalari, poeta eta idazleari erronka bat botako diogun: aurtengo aldarria idaztea euskal kontalarien izenean. Izan ere, Itziar Zubizarreta idazleak idatzi zuen iazko aldarria, baina aurten, Igerabideri eskatu diogu duela hiru urte urrezko kalabaza jaso baitzuen. Aldarria irakurtzeaz gain, horren inguruko azalpen ugari emango ditu idazleak. Horrez gain, Quebeceko Berceurs du Temps konpainiak instalazio poetiko bat jarriko du sehaska kantekin eta kulunkari poetiko performatibo bat ere egingo du, Kulunka denbora izenpean.

Ekitaldi guztien artean baten bat bereiziko zenuke?

Bihar izango den El Bosque Mitico ibilaldia, Aitor Ventureira tolosarraren eskutik. Gazteleraz izango da eta Amarozko basoan zehar egingo dugu. Tolosarraren lan horrek pertsonaia mitologikoen ezaugarriak eta gaur egunera arte iritsi diren kondairak jasotzen ditu. Horiek gure inguruan bizi diren lekuak erakusten dizkigu, ibilbide bat eginez. Alegia, mendia, ibaia eta basoa beste ikuspegi batetik ikusteko gonbidapena da eta gure mitologia besarkatzeko aukera paregabea.

Hizkuntzak ere izango du garrantzia, ezta?

Bai, hala ere, saio batzuk euskaraz eta gazteleraz batera antolatu ditugu; hau da, euskal artista bat atzerriko artista batekin batera. Hori oso interesgarria da; alde batetik, bi estilo desberdin oholtzan gainean bateratzen direlako; eta, beste alde batetik, euskaraz ulertzen ez duen bati saioa jarraitzea lagungarria suertatzen zaiolako. Horrelako saioei esker jende ugari gerturatzea lortzen ari gara.

Ahoz Aho Jaialdiaren barruan, publikoaren parte hartzearekin ere bat egiten duzue. Izan ere, Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketa ere antolatzen duzue.



Hori da, martxoaren 22an, Ordiziako Barrena Jauregian egingo dugun lehiaketa arrazoi horregatik jaio zen. Horrez gain, horren asmoa ere, ipuin zale edo idazle berriei mundu honetan sartzea animatzea da, baita profesionalei animatzea ere oraindik oholtzaratu ez duten liburu bat plazaratzea ere. Beraz, lehiaketa horretan profesionalak eta amateurrak nahastu egiten dira eta oso giro polita sortzen da. Gainera, aipatzekoa da egun profesionalak diren euskal artista batzuk bertan jaio direla.

Nola egiten dituzue ipuinen aukeraketak?

Artisten arabera izaten da hori. Normalean hiru iturburu izaten ditugu; batetik, ipuin tradizionalak daude, bestetik, autore liburuak; eta azkenik, ipuin propioa deitzen dioguna; hau da, norbaitek idatzitakoa. Batzuetan ipuinak ez direla ipuinak gertatzen da; hau da, teknikoki zerbait kontatzen dute baina ez dute ipuinen egitura errespetatzen.

VIII. Euskal Kontalarien Topaketarekin emango diozu amaiera jaialdiari martxoaren 23an, Amarozko Auzo-Etxean. Nola antolatu duzue amaiera ekitaldia?

Ahozkotasunetik sortua da aurtengo gaia eta lau esperientzien bueltan ariko gara. Batetik, Paul Urkijo zuzendariak ahozkotasunean oinarritutako pelikulen inguruan ariko da; Ixabel Millet kontalariak ipuinak eta txotxongiloak nahastu ohi ditu mitologia ikuskizunak egiteko eta horren inguruan ariko da; Maider Galarza kontalariak sorginen inguruko instalazio bat sortu du, Andorrako sorginkeria jaialdian estreinatu zuena, eta horren inguruan hitz egingo du; eta azkenik, Iban Perret iparraldeko musikariak Erdi Aroko gitarra jotzen du, eta Zetaren bidea egin zuen Europa eta Asia ingurutik. Herri bakoitzean musikari batekin bildu, hango kondairak entzun eta abesti bat sortu du bi instrumentuen artean, eta hori egun horretan joko du. Proiektu zoragarria izango da eta lau artista hauek sortutakoaz gozatzeko aukera izango da egun horretan.



Mitologiaren bueltan ibiliko zarete, beraz. Zergatik?

Euskaldunok mitologia indartsua dugu, eta kanpotik etortzen direnek esaten dute mitologiari esker kontzeptu asko oso barneratuta ditugula. Euskaldunok imajinario kolektiboa dugu, eta hori askotan oso zaila izaten da publikoarekin lortzen, baina hemen badaukagu. Mitoak ezagutzen ditugu, askotan Greziako aldaerak izan arren.

Aurtengo Urrezko Kalabaza saria Paul Urkijo zinemagileari emango diozue. Zergatik?

Elkarrizketa askotan kontatu du bere txikitako ipuinekin sortzen dituela pelikulak, eta mitologiari zein errespetuarekin gainera. Oso zaila da irudietan mitologia aldarrikatzea. Denok irudi ezberdinak sortzen ditugu gure barruan, eta kanpotik zerbait emanda etortzen zaigunean oso zaila izaten da. Esaterako, askotan liburu bat irakurri ostean, pelikula ikusten duzunean zure barruko irudi hori hautsi egiten da, buruan beste modu batera irudikatzen zenuelako. Urkijok egindako lana izugarria izan da, gaia errespetuz landu du eta gure mitologiari sekulako proiekzioa eman dio mundu guztian zehar, eta arrakastaz gainera. Merezitako saria.

Ahoz Aho jaialdiaz gain, zein beste proiektu dituzu esku artean?

Noski, ez gara geldirik egoten. Clownarekin gauzatxo ugari ditugu. Intujai Teatrorekin Amarozko Antzerki Astea antolatzen dugu, eta aurten ere horretan ariko gara, eta Zikloia formatu txikiko antzerki jaialdia ere egingo dugu udazkenean, Tolosan. Horrez gain, nire emaztea pailazoa da, eta orain proiektu batekin dago buru-belarri, eta ni, berriz, Alegiako antzerki taldearen zuzendaria naiz, eta beste obra berri bat ari gara idazten. Hala ere, momentuz, gure asmoa jaialdi hau mantentzea eta handitzea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!