Tolosako Pasaban enpresak A&F Holdings firma estatubatuarra erosi du

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 11a, 10:21

Operazio honen bitartez Ipar Amerikan eta papergintza sektorean duen presentzia indartu nahi du; aurrerantzean, makina ebakitzaileak Tolosan fabrikatuko dituzte, eta bobinak, Pennsylvanian (AEB).

Papergintzarako makina ebakitzaileak fabrikatzen dituen Tolosako Pasaban enpresak, A&F Holdings enpresa estatubatuarra erosi du. Pennsylvanian (AEB) kokatzen da eta sektore bererako bobina handiak fabrikatzen ditu. Enpresa estatubatuarraren jarduera oso garrantzitsua da papergintzan.

Operazio honek zenbait aldaketa ekarriko ditu. Batetik, Pasaban enpresako langile bat Pennsylvaniara joango da, bertan lan egiteko. Horrez gain, erositako enpresaren izena aldatuko da: Pasaban A&F izango da aurrerantzean. Azkenik, Pennsylvanian (AEB) ohiko jarduerarekin jarraituko dute, bobinak fabrikatzen alegia. Tolosan, berriz, makina ebakitzaileak eta gainerako sistemak fabrikatuko dituzte, gero, Estatu Batuetako enpresa hornitzeko.

Operazio hau Pasabanen plan estrategikoaren barruan kokatzen da. Izan ere, lehentasuna eman nahi dio bertako merkatuari, Mexikokoarekin eta Kanadakoarekin batera. Gainera, Pasabanek jada badu negozio bat Estatu Batuetako merkatuan. Ekipamenduz hornitzen duen bulego komertzial bat dauka bertan. Orain, ordea, Ipar Amerikan duen presentzia indartu nahi du, munduko beste gune batzuetan egin bezala.

Pasabanek %70eko merkatu-kuota du Europan, eta %50ekoa Asian. Azken horrek, baina, zenbait zalantza sorrarazten dituela esan dute, Estatu Batuetako merkatuaren gorakadaren ondorioz. Testuinguru honetan, Pasaban A&F enpresa berriak abantaila lortzen lagunduko diola nabarmendu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!