Elkartasun Urratsak gaur Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 9a, 13:40

Itaka-Escolapios fundazioa lagundu eta bildutako dirua, aurten, zazpi proiektu ezberdinen artean banatuko da.

Herrikide ikastetxeak Elkartasun Urratsak izeneko ekimena egin du gaur. 15 egun eman dituzte ekimena prestatzen eta gaur gauzatu da Tolosako ikastetxearen inguruan egin duten lasterketa solidarioarekin. Itaka-Escolapios fundazioa laguntzeko ekimena izan da gaurkoa.

Ikastetxeko pastoraltzako arduradunek Kirikiño taldearen laguntzaz antolatzen dute ekimena. Urtero elkartasun kanpaina bati ekarpena egiten diote Herrikide ikastetxetik. Iaz, esate baterako, Malawin urarekin duten beharrean jarri zuten arreta eta horretarako hainbat material jarri zituzten salgai, kantinplorak, besteak beste. «Kirikiñoko gazteek erabakitzen dute urtero zertan jarri indarra salmenta horretatik dirua ateratzeko» esan du Liernik, pastoraltzako arduradunak.

Aurten, berrikuntza gisa, kamisetak jarri dituzte salgai. «Zazpi proiektu ezberdinetara bideratuko da jasotako dirua eta horregatik aukeratu dute zazpi puntu dituen bihotz bat».

Hamabost egun irauten du kanpainak, eta egunotan, gaurko lasterketarako dortsalen salmenta egin dute, bakoitza 2 euroan. Elkartasun lasterketa honetan adin guztietako ikasleek hartu dute parte irakasleen laguntzaz eta itzuliak eman dizkiote Herrikide ikastetxeari. Bukaeran emandako itzuli guztiak eta korri egindako kilometroak zenbatzen dituzte.

«Oso giro polita sortzen da ikasle, guraso eta irakasleen artean eta ikusarazten dugu gure eguneroko honetatik kanpo behar batzuk badaudela eta behar horiek ere badutela lekua gurean», aipatu du ikastetxeko pastoraltza arduradunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!