Osteopataren biktimei laguntzeko saioa antolatu dute Tolosako Udalak eta Andragorak

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 8a, 11:44

Clara Wolfram indarkeria matxista pairatu duten emakumeen ahalduntzean adituak emango du, martxoaren 16an, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean.

Tolosako osteopataren sexu erasoen kasuen harira, Tolosako Udalak eta Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak, erreparazioa abiatzeko gunea, «elkar-entzuteko gunea» antolatu dute, salaketa jarri edo ez, indarkeria mota hori sufritu dutenentzat, eta haien gertukoentzat. 

Saioa hurrengo larunbatean, hilaren 16an izango da, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean, eta indarkeria matxista pairatu duten emakumeekin berdintasun, ahalduntze eta lanean aditua den Clara Wolfram Perezek gidatuko du. Hiru orduko iraupena izango du, 10:00etatik 13:00etara.

Talde dinamika izango duela saioak azaldu dute udaletik, «nahiz eta tailer honetan banakako prozesu bat ere errazten den parte hartzaile bakoitzarentzat, taldean eta berdinen artean lan egiteak mesede egiten baitu». Tailerra, batez ere, «babesgune» izango dela emakume bakoitzak egin behar duen biderako esan dute. 

Indarkeriaren ondorio kaltegarrienetako bat emakumea «isolatzea» da. Indarkeria-egoera batetik ateratzeko, funtsezkoa da babesa eta laguntza sentitzea, eta egoera horretan dauden emakume askok ez dute horrelakorik. Goiuri Ezeiza berdintasun zinegotziak adierazi duen moduan, «horrelako gertakari baten osteko prozesua malkartsua da oso, horregatik  garrantzitsua da birbiktimizazioa ekiditea. Alde horretatik, talde hau lagungarria izan daiteke, saretzeko. Funtsezkoa da indarkeria matxistari izena jartzea eta horretaz jabetzea; izan ere, hori egitean, emakumeek ulertzen dute gertatzen zaiena edo gertatu dena ez dela beren errua, eta, gainera, ez daudela bakarrik, beste emakume batzuek ere pairatzen dutela».

Parte hartzeko ez da izenik eman beharko, nahikoa izango da egun horretan bertara azaltzearekin. Zalantzarik izanez gero, Andragora Tolosaldeko Emakumearen Etxearekin harremanetan jarri ahal izango da, 943 00 89 67 zenbakira deituta, andragora@andragora.eus helbidera idatzita edo etxera bertaratuta. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!