Neguko maukak eskuratzeko azken aukera, larunbatean, Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 5a, 18:00

Tolosa&Co Merkataritza Elkarteak antolatuta, Braderie festa egingo dute, 50 saltoki baino gehiagoren eskaintzekin; horrez gain, jolas tradizionalak izango dira arratsaldean Berdura plazan.

Urtero bezala, udaberrian sartzear gauden honetan, Tolosa&Co Merkataritza Elkarteak Braderie jardunaldia antolatu du, Tolosako saltoki txikien festa. Larunbat honetan izango da, martxoak 9, 10:00etatik 20:00etara. Egun guztian zehar, 53 saltokik beraien denden atariak eta Trianguloa plaza eskaintza eta maukaz beteko dituzte. «Neguko produktuak eskuratzeko azken aukera izango da», adierazi du Jaione Bildarratz elkarteko kideak.

Saltokien eskaintzez gain, goizean eta arratsaldean (10:30-14:30 eta 16:30-19:30) Haur Txokoa egongo da Trianguloa plazan, 0 eta 5 urte bitarteko haurrentzat. Ordutegi horietan, gainera, Txu-txu trena herrian bueltaka ariko da; Trianguloan egongo da bertara igotzeko aukera.

Arratsaldean, 17:30etik 20:00etara, egurrezko jolas tradizionalak egongo dira Berdura plazan. «Inklusiboak izango dira, haurrak zein helduak jolasteko. Ziur oroitzapen politak ekarriko dizkizuela burura», esan du Bildarratzek.

Amaitzeko, ohartarazi dute Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsa aurten ez dela kalera aterako. «Gure esku zegoen guztia egin ondoren, pena handiz, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsa aurten ez da aterako, Tolosa&co-rekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!