2024-2025 ikasturteari begira, Tolosako Paper Eskolak berrikuntza garrantzitsuak izango dituela esan du Eusko Jaurlaritzak. Ikasturte berriarekin batera, Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan sartuko da (Tolosan dago hori ere), eta titularitate-aldaketa horrekin, prestakuntza-eskaintza zabaltzen hasiko dela esan dute. Era honetan, gainera, eskualdean bertan kokatutako eta errotutako zentro integratu batetik (Tolosaldea LHII-tik) kudeatu ahal izango dira eskualdean antzematen diren prestakuntza-premia guztiak.
Hezkuntza Saila lanean ari da, eskualdeko ikastetxeekin elkarlanean, 2024-2025 ikasturterako Jarduera Fisikoak eta Kirolak, Kimika eta Informatika arloetako ziklo eta espezializazio-ikastaro berriak martxan jartzeko eta indartzeko. Eta aurrerago gastronomiaren arloko prestakuntza-zikloak ezartzea ere aurreikusten dute, bai sukaldaritzan, eta baita gozogintzan eta konfiterian ere. Informatikaren esparrua ere indartuko dute, arlo horretako espezializazio-ikastaroak ezarriz (Adimen Artifiziala; Zibersegurtasuna; Industria Adimendunak; eta 5.0 Konektibitatea).
Ikastetxe horretan Kimikaren familiako irakaskuntzak mantenduz eta indartuz (paperaren industriari zuzendurikoak), gaur egun eraikin honetan martxan dagoen LabPaper paperaren laborategiaren funtzionamendua ere bermatuko da. Eskualdeko enpresen zerbitzura ari da LabPaper laborategia, eta pastaren, paperaren eta erlazionatutako produktuen arloetan saiakuntzak eta karakterizazio-lanak egiteko interesa duten enpresen eskura dago. Paper Eskola Indartzeko Elkarteak kudeatzen du, eta Hezkuntza Saila ere elkarte horretako kide da, beste erakunde publiko eta pribatu batzuen artean.
Paper Eskolara egindako bisitan, Bildarratz sailburua eta Arevalo sailburuordea Tolosaldea eta Don Bosco ikastetxeetako zuzendariekin elkartu dira, Iñaki Pakea eta Carlos Lizarbe, hurrenez hurren. Elkarrekin aztertu dituzte Tolosaldeko egungo eta etorkizuneko prestakuntza-eskaintzari buruzko gai horiek guztiak, bai eta Tolosaldea LHIIn integratuko diren gune berri hauei esker eskaintza zabaltzeari buruzkoak ere.