ERREPORTAJEA

Belaunaldiz belaunaldi ateak zabalik

Araitz Uria Lizarra 2024ko ots. 25a, 07:59
Iban Fernandez eta Dina Mendikute Samaniego ikastetxean. A.U.L.

Tolosako Samaniego Ikastetxe Publikoak 50 urte bete ditu aurten. Urteurrena ospatzeko festa berezia egingo da Tolosan, apirilaren 27an, eta ekitaldi ezberdinak eskainiko dira.

 

Tolosa herria, Uzturre mendia, autoen mugimendua, jendearen joan-etorriak… denak ikusten dira Samaniego ikastetxeko teilatutik. 50 urte hauetan, seguruenik, paisaia aldatuko zen, eta paisaiarekin batera ikastetxea, bertako haurrak, bertako irakasleak, hezkuntza eredua… Baina gaur den eskola publikoa izatera iristeko 50 urte hauek behar-beharrezkoak izan dira. 50 urte hauek sortu eta osatu dute Samaniego ikastetxea. 50 urte hauetan bizitako guztiak eraiki du egun Samaniego den ikastetxea.

1974. urtean ireki zituen Tolosako Samaniego Ikastetxeak ateak. Tolosaldeko hainbat herri eta auzo txikitako eskolak itxi eta gero, eskola horietako ikasleak Samaniego ikastetxean elkartu ziren, horrela sortu zen Samaniego eskola. 50 urte daramatza Tolosaldeko haurrak hezten, eta garaiak aldatu badira ere, eskola publikoa, euskalduna eta inklusiboa izaten jarraitzen du. Ateak haur ororentzat dituzte irekita, hasi ziren egunean bezalaxe, eta bertako irakasleek badakite eskolan aurkitzen den aniztasuna Tolosaldeko egoeraren isla dela, eta izaten dituzten erronkak, Tolosaldeak dituen erronkak direla.

Euskal eskola publikoa da Samaniego, urteurrena ospatzeko argitaratu duten kantuan argi eta garbi abesten du eskolako komunitate osoak: «Harro azaltzen dugu publiko izena». Urte hauetan guztietan izan da ikastetxe publikoa, eta horregatik, bertako hezkuntza eredua hausnartua, ebidentzietan oinarritua, irekia eta momentuan momentuko egoerei erantzuteko hezkuntza eredu bat izatearen alde egiten dute lan. Egun den eskola izatera iristeko hamaika aldaketa izan dituzte, eta Iban Fernandez ikastetxeko zuzendariak adierazi du gaurko eskola publikoa ez dela bere jatorrian zen eskola bera: «Euskal gizartearen arabera eraikitzen joan den euskal eskola publikoa da gaurkoa».



Fernandezek eskola publikoa izatearen garrantzia azpimarratu du, publikoa izateak herrian eta herriarentzako daudela, eta familia eta haur ororentzat ateak zabalik dituztela islatzen baitu. Eskola publikoa Tolosaldea hobe batentzako tresna ezinbestekoa dela iruditzen zaiola aipatu du ere, beharrezko tresna: «Gure indargune garrantzitsuenetako bat gardentasuna da. Gure ateak irekita daude, bai espazio aldetik, metodologikoki eta ekonomikoki».


Eskola publikoek ordea, 50 urte hauetan hainbat erronka eta oztopo izan dituzte, gaur egun hainbat erronka dituzte ere, urte hauetan guztietan oztopoak eta trabak aldatu, desagertu eta agertu egin baitira. 2023-2024 ikasturtean hainbat izan dira eskola publikoaren alde eginiko mobilizazio eta manifestazioak, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak lau mobilizazio antolatu baititu jada ikasturte honetan, hezkuntza lege berriak sare pribatuen interesen alde egiten duela salatzeko. Urteurrena ospatzeko argitaratutako kantuan gaitzespena egiteko aukerarik ez dute galdu: «Gure mezua eskuduntza dutenentzako dihoa, ez utzi erdizka eta bete behingoz lapikoa, etorkizuna da eta euskal eskola publikoa». Fernandezek hezkuntza duin eta kalitatezko bat emateko eskolak komunitate ezberdinen laguntza izatea oso garrantzitsua dela adierazi du. Eskolako protagonista nagusiak haurrak badira ere, eskola sendo baten seinalea komunitatearen parte hartzea dela onartu du, eta udala bezalako erakundeen laguntza ezinbestekoa dela azpimarratu du.

Urteurreneko ospakizun festa

50 urteak zein urte hauetan guztietan lortutakoa ospatzeko, apirilaren 27an festa eguna antolatu dute, Tolosan. Urte hauetako guztietako ibilbidea balioan jartzeko antolatu dituzte hainbat ekitaldi, gogo eta ilusio handiz. Urtarrilaren 23an jada ospatu zen lehen hitzordua, Leidor antzokian, bertan aurkeztu baitzuten 50. urteurrenerako egindako abestia eta bideoklipa. Hiru ikasle ohi izan dira abestiaren sortzaileak: Jon Tolosa Nikotina, Juantxo Arakama eta Andrea Vitoria Ayvee. Aurkezpenaz gain, abestiaren egileek emanaldi bat egin zuten Leidorren. Bestalde, dantza emanaldia, bertsolariak eta argazki erakusketa bat ere ikusi ahal izan ziren.


Bideokliparen aurkezpena Leidorren iragan urtarrilaren 23an; tartean dira Nikotina, Ayvee eta Juantxo Arakama musikariak. ZAP


Hala ere, ospakizun handiaren eguna apirilaren 27an izango da. 15:30ean hasiko da festa eta ekintza ugari egongo dira Tolosako gune ezberdinetan: Trianguloan, zirku tailerra eskainiko da; Zerkausian, umeentzako tailerra egongo da; txaranga bat ibiliko da kalez kale; DJ bat ere egongo da… Festari amaiera Nikotinak emango dio, kontzertu berezi bat eskainiko baitu Zerkausian, gonbidatu berezien konpainiarekin. Samaniegoko zuzendariak festa egunerako gonbita zabaldu du: «Gure festa eguna gure komunitate osoari zuzendua eta denei irekita dagoen ospakizun eguna da».

Urteurreneko abestian hainbat balore ezberdin eta aldarrikapen aipatzen dira, hala nola hauen guztien alde egiten du kantuak: kultura ezberdinen alde, ingurumena zaintzearen alde, inor ez bereiztearen alde, berdintasunean oinarritutako gizarte baten alde, euskararen alde… Aldarri guztiak Samaniegoko hezkuntza ereduan konpartitzen diren baloreak dira. Horren isla garbia da abestiaren hiru sortzaileak bertako hiru ikasle ohi izatea: Tolosa, Arakama eta Vitoria. Hirurak baitira tolosarrak eta Samaniegoko ikasle ohiak. Hirurek musikaren munduan ibilbide oparo bat izan dute eta izaten ari dira, eta Fernandezek ikasle ohiak horrelako bidea egiten ikusteak harrotasunez eta poztasunez betetzen dituztela onartu du: «Gure komunitatea oso bizirik dagoen seinalea da. Baina gure ikasle ohi askotaz harro gaudela adierazi nahiko nuke, 06:00etan esnatu edo 22:00ak arte lanean diharduten guztiez ere, horietaz guztiez ere harro gaude».

Ikasleak komunitatearen parte

Urte hauetan guztietan belaunaldi ezberdin asko igaro dira ikastetxetik, eta beraz, ikasle asko. Ikasle ohi asko itzuli dira ordea Samaniegoko komunitatera, beraien haurrak Samaniegon hezteko apustua eginik, eta hau oso garrantzitsua dela irakasle guztientzat adierazi du Fernandezek. Irakasleak ikasle izandako horiez harro dauden bezala, ikasleek Samaniegoko komunitatera itzultzeko hautua egitea Tolosako eskola publikoaz harro dauden seinalea da ere. Dina Mendikute komunitatera itzuli den ikasle horietako bat da. Bere ama irakasle izan zen Samaniegon, bera ikasle izan zen, eta orain, bere haurra da ikasle: «Nik oroitzapen polita nuen, eta beti pentsatu izan dut Samaniegotik ondo prestatuta irten nintzela. Samaniegok bermatu egiten ditu gure etxean ezinbestekotzat ditugun balioak eta kalitatezko hezkuntza».

 

Dina Mendikute: «Beti pentsatu izan dut Samaniegotik ondo prestatuta irten nintzela»



Mendikute harro sentitzen da eskola publikoan hezi izanaz: «Harro nago eskola publikoan, institutu publikoan eta, gero, unibertsitate publikoan ikasi izanaz. Bizitzan ezinbestekoak iruditzen zaizkidan balioak emateaz gain, buruan nuen bidea egitea ahalbidetu dit». Baina ez da beti horrela izan. Juantxo Arakamak Samaniegoren kantuan ulertarazi duen bezala, «gu gea l@s de la pública» esaldiarekin, eskola publikoko ikasleak izateak ez du beti kutsu positiboa izan. Mendikutek abestiaren letrak ikasle askok sentitutakoa oso ondo islatzen duela onartu du: «Halako konplexu sentimendu bat banuen inguruko ikastetxeekiko, eta uste dut garai hartan Samaniegoko ikasle ginenon artean ez nintzela horrela sentitzen zen bakarra». Eskolak berak eragindako konplexu bat baino gehiago kanpoko faktoreengatik eragindako sentimendua zela sentitzen du Mendikutek. Urteurreneko abestian entzuten den «ez garelako inor baino gehiago, baino esan ozen Samaniego gutxiago ezta ere» esaldia azpimarratu nahi izan du.

 

Iban Fernandez: «Hemen dagoeneko ez dago konplexurik, harrotasuna baizik» 



Hala ere, poztasunez azpimarratu du Mendikutek egun, ikastetxeko ikasleek konplexu hori ez dutela sentitzen. «Leidorren egin zen ekitalditik, urteurreneko abestiaren bideokliparen aurkezpenetik, puztu-puztuta irten ginen. Neure buruari esan nion: 'hemen dagoeneko ez dago konplexurik, harrotasuna baizik'». Fernandez zuzendariak ere argi adierazi nahi izan du gizarte honetan zerbitzu publikoak izatearen garrantzia handia dela, eta hezkuntza publikoa beharrezkoa dela, konplexurik gabeko hezkuntza publikoa. «Ebidentziak erakusten digu gizarte kohesionatu, euskaldun, inklusibo, demokratiko eta aurrerakoia izan nahi badugu, zerbitzu publiko sendoak izan behar ditugula».



Samaniego ikastetxean Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleak biltzen dira. Ikasle tolosarrez gain, eskualdeko herri txiki eta herri ezberdineko jendea biltzen da, eta baita atzerritik etorritako haurrak ere. Egun, ia kurtso guztiek hiru gelako ikasle kopurua dute. Mendikutek bere garaian ikasle kopurua askoz ere txikiagoa zela azpimarratu du, eta tolosarrak baino gehiago, gehiengoa herri txikietatik etortzen ziren haurrak zirela aipatu du. Gaur egun, ordea, horretan aldaketa bat egon dela azpimarratu du.



Euskara erdigunean

Euskararen aldeko aldarria ere garrantzitsua izan da urte hauetan guztietan Samaniegon. Mendikutek, bertan ikasten egon zen lehen urteetan, 90. hamarkadan, eskola euskalduntzen joan zela gogoratu du. Bere amak, irakaslea zenean, klaustroetan euskararen aldeko apustua egiten hasi ziren unea nola izan zen kontatu ohi izan diola ere aipatu du. Ez zen erabaki erraza izan, irakasle askok eskolan jarraitzeko euskara ikasi behar izan zutelako. «Pixkanaka joan omen ziren D eredua ezartzen, eta ni eskolan hasi nintzenerako D eredua maila guztietan ezarria zegoen». Samaniegoren erdigunean euskara dagoela argi adierazi du, euskararekiko erabateko konpromisoa dagoela ikastetxean bertan. «Euskara ikasle eta familia desberdinen arteko elkarbizitzarako bidelagun ez ezik, medioa ere badelako».

Abestiaren letran ere hainbatetan aipatzen da euskara, euskararen erabilera ikastetxeko balio garrantzitsuenetako bat baita. «Euskara bilakatuz mintzaira ozena / Zenbat euskaldun publikari esker» esaldiak entzuten dira abestian. Matrikulazio kanpainarako erabilitako lemak ere euskararen garrantzia azpimarratzen duela aipatu du Fernandezek: «Euskara ardatz, haurra ipar». «Euskara da ardatza, ikasleak elkarrekin eta elkarrengatik ikasteko tresna ezinbestekoa delako hizkuntza, eta euskararen garrantzia ikasleei transmititzen saiatzen gara. Badakigu-eta euskarari egin ahal diogun fabore garrantzitsuena bere erabilera igotzea dela». Samaniego ikasle gehien euskaldundu dituen sarean dago ere.

Garaiak aldatu badira ere, Mendikutek bere ikasle garaian, orain bezala, eskola euskalduna zela gogoratzen du, euskaraz bizi zirela gogoratzen du. «Gure amak betidanik esan izan du Samaniegok euskararen alde hasieratik egin izana izan dela ikastetxearen bilakaeraren gakoetako bat». Mendikute Iruñera joan zenean ikastera, unibertsitatera, lan handia egin behar izan zuen gaztelaniaz ikasteko, eta hori Samaniegon ikasle zenean euskarak eskolan zuen presentzia handiaren adierazle dela uste du: «Pentsatzeko, arrazoitzeko, ulertzeko edo hausnartzeko erregistroa euskaratik gaztelaniara pasatzea asko kostatu zitzaidan, neure burua ordura arte euskaraz aritu zen jardun horretan».

Eraikin jasangarria

2006. urtean egin zuten eraikinaren obra eta Hezkuntza Sailetik egin zen lehen eraikin bioklimatikoa izan zen. Ikastetxearen filosofiarekin bat zihoan eraikin bat sortu nahi izan zuten, eta horrela, eraikin jasangarri bat eraikitzea lortu zuten. Eguzkiaren energiaz baliatzeko sistemak, kristalezko galeria bat, panel termikoak, deskarga bikoitzeko zisterna, iturri tenporizatuak, kontsumo urriko argiak, kontsumo gutxiko igogailua, isolamendu termikoa hormetan, zoru erradiatzailea… eta gehiago ipini zituzten orain dela 18 urte ikastetxeko eraikinean. Garai horretan horrelako ikastetxe bat egitea berrikuntza izan zen, eta urte batzuk igaro badira ere, filosofia berarekin jarraitzen dute.

Egun, geroz eta gehiago entzuten den balioetako bat ingurumenaren zaintza bada ere, orain dela 18 urte Samaniegon filosofia hori zuten. Hala ere, azken urteetan ingurumenarekin lotuta dagoen ekintza bat gehitu dute haurren heziketa prozesuan. «Euskal gizarte honetan natura beti egon da presente eta hainbeste urteetan erlazionaturik egonda, ezinbestekoa ikusten dugu horren aldeko lanketa egitea». Horregatik, Haur Hezkuntzako ikasleak basora joaten dira astero.

Samaniego Ikastetxearen eraikin barruan hainbat instalazio eta zerbitzu ezberdin aurkitzen dira, ikasleentzat beharrezkoak diren instalazioak: erabilera anitzeko gela bat dute, ekitaldi eta ekintza bereziak egiteko; gimnasioa ere bada; hainbat jolasleku dituzte, ikasle guztientzako espazioa eskainiz eta ekintza ezberdinak egiteko lekua edukiz; psikomotrizitate gela ere bada… Bestalde jangelaren zerbitzua, haur txokoa, autobus zerbitzua, eskolaz kanpoko ekintzen zerbitzua eta eskola kirola egiteko aukera ere ematen dute ikastetxean bertan.

Bideokliparen fotogramak. ZAP


Aniztasunaren aurrean

Aniztasuna eta inklusibitatea ere azpimarratu nahi izan dute Samaniegoko hezkuntza ereduan. Abestian hainbat esalditan ikusten da eskolak ikasle guztien berdintasunaren alde jarduten duela eta bazterkeriari aurre egiteak garrantzi handia duela: «Denontzako sortutako eskema / Kultura ezberdinak elkartzen ginen klasean / Elkarrekin hezi inor ez bereizi / Bakoitza da bat baina denak berdin / Banakatetik ez da sortzen herria / Denak denen pare / Berdintasuna zoru eta zutabe / Berdin kolore, genero, sinesmen, iritzi edo abizen / Ezin du izan ume bat bera ere ez dena kabitzen». Guzti hau aldarrikatzen da abestian.

«Ikasleen desberdintasunak murrizteko ahaleginak egiten ditugu, eta azken urteetan atzerriko ikasleen eskolaratzean erantzukizun handia hartu dugu». Lan handia egin behar bada ere, argi adierazi du Fernandezek aniztasuna aberastasuna dela, eta mundu ireki eta global honen isla dela Samaniegon aurkitzen den aniztasuna. «Kultur aniztasuna Samaniegon, Tolosan, Tolosaldean, Gipuzkoan… dugu. Aniztasuna zaindu egin behar da, elkarrekin eta elkarrengandik ikastea oso garrantzitsua baita». Ikasle bakoitzaren erritmoa eta egoera aztertzen saiatzen dira irakasleak, hezkuntzaren kalitatea ikasle bakoitzak behar duen erantzun propioetan oinarritzen dela iruditzen baitzaie.

Mendikutek aniztasunaren aldetik urte gutxian gauzak asko aldatu direla azpimarratu du. Samaniego, berarentzat, beti aniztasuna eta elkarbizitza izan bada ere, egun, aniztasun ezberdinagoa eta gehiago dagoela ikusten du. «Gure garaian, atzerritar jatorriko familiarik ez zegoen apenas, baina aniztasun soziala bai, eta testuinguru horretan hezi ginen». Egun, gizartean bizitzen ikasteko hezkuntza integral batean heztea behar-beharrezkoa iruditzen zaio Mendikuteri. Aniztasunean heztea beharrezkoa iruditzen zaio, gizartea askotarikoa delako. Eskolak hori islatzean haurrek egunerokotasunean barneratu eta ikasi ahal izango dute, era natural eta praktikoan, gizarte askotariko baten parte direla. «Haur guztiek izan beharko lukete aukera gizartearen aniztasuna islatzen den ikastetxe batean hezteko. Ona litzateke haurrentzako, ona familientzako eta ona, finean, gizarte osoarentzako». Mendikutek badaki gai hau eztabaidagarria dela hezkuntzaren esparruan, horregatik, erabakiak hartzen dituzten horiei eskola publikoaren aldeko apustua egin dezaten eskatzen die, seme-alabak eskola publikora eramaten egin duten gurasoen adinako apustu: «Behin betiko eta benetako apustua».



Baina aniztasun mota asko daude, eta Samaniegon aniztasun ezberdinak aurkitzen dira. Hauen guztien aldeko lanketa egiten dute egunero: aniztasun linguistikoaren alde, aniztasun kulturalaren alde, gaitasun ezberdinei dagokien aniztasunaren alde, sexu orientazioaren aniztasunaren alde, genero ezberdinen aniztasunaren alde, aniztasun sozioekonomikoaren alde…

Teilatutik ahotsak entzuten hasi da, geroz eta zarata gehiago entzuten da. Jendearen zarata da. 16:30ak dira eta ikastetxeko ateak zabaldu dira. Haurren oihuak eta gurasoen agurrak dira entzuten diren ahotsak. Gaurko eskola eguna bukatu da, eta familiak elkartu dira beraien haurrekin. Behin haur guztiak gurasoekin elkartu eta gero, irakasleak ikastetxera sartzen dira. Gaurko lanaldia bukatu da. Bihar irekiko dituzte berriz Samaniego Ikastetxeko ateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!