Instituto del Queso, Goenaga Esnekiak, Glucovibes eta Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioarekin batera, YoGoe4Life proiektua ari dira garatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz diru laguntzari esker. Egitasmoaren helburua da A2A2 proteina duen jogurta egunero kontsumitzeak perimenopausiari lotutako ondorioetan duen eragina ulertzea, hainbat faktoreren jarraipena eginda. Horretarako, datozen hilabeteetan, 45 urtetik aurrerako 25 emakumerekin hasierako esperientzia bat egin nahi dute.
Proiektua eskualdez eskualde aurkeztuko dute eta Tolosaldearen kasuan ostiralean, hilak 19, izango da hitzordua. Tolosako kultur etxean egongo dira 17:30etik 18:30era perimenopausiari eta elikadurari buruzko gaiak jorratzeko, YoGoe4Life proiektuko parte hartzaileen eskutik. Horrez gain, bertaratutakoekin elkarrekintza bultzatuko dutela esan dute, jendartean sor daitezkeen galderak eta zalantzak argitzeko asmoz. Ostiraleko aurkezpenean parte hartzeko lapaolaza@asmoz.org helbidera mezu bat bidaltzeko edo 943 21 23 69 telefono zenbakira deitzeko eskatu dute.