Urtekaria 2023

Inauterietan, txosnagunea Plaza Berrian

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 1a, 07:57

Tolosako Txozna Batzordeak abenduan jakin zuen inauterietan ezingo zuela txosnagunea Euskal Herria plazan kokatu. Tentsio handiko asteak izan ziren ondoren, Tolosako Udalak azken erabakia hartu arte.

Iazko abenduan, Tolosako Txozna Batzordeak gutun baten bitartez jakitera eman zuen Tolosako Udalak txosnagunea Euskal Herria Plazatik kanporatu nahi zuela heltzear ziren inauterietan. Orduan alkate zen Olatz Peonek esan zien aurten ez zietela txosnagunea plaza horretan muntatzeko baimenik emango, eta soinu arazoak argudiatuz, Plaza Berrira mugitzea zela bere proposamena. «Euskal Herria Plazan txosnagunea muntatu ahal izateko udaletxearen baimena behar izaten dugu, eta azken urteetan, trabaren bat edo beste tarteko, beti iritsi izan gara adostasun batera. Tolosan ez dago txosnagunearen ezaugarrietara egokitzen den beste plazarik», adierazi zuten batzordeko kideek. Gauzak horrela, firma bilketa bat jarri zuten martxan, egoera salatzeko. Inauteriak hasteko hilabete falta zela, udalak oraindik «entzungor» jarraitzen zuela salatu zuten. «Eman diguten proposamen bakarra, kalteak ekartzen dituen eta inolako zentzurik ez duen bat izan da».

Udalak urtarrilaren 20an eman zuen erabaki ofizialaren berri prentsaurrean: Inauterietan txosnagunea ez zela Euskal Herria Plazan jarriko; bertako eta inguruko bizilagunen eskariari erantzunez, txandakatze sistema martxan jarriko zuela. Prentsa agerraldia amaitzear zela, txosna batzordeko kideak sartu ziren udaletxera, erabakiaren aurkako desadostasuna adieraztera. Udalaren jarrera salatu zuten, eta gehitu zuten «teknikoki posible ez ziren proposamenak» egiten ari zela, «denbora irabazteko intentzio interesatuarekin».

Ezker Abertzaleko hainbat eragile eta norbanakok, beraien aldetik, inauterietan Plaza Berrian gune berri bat sortzearen alde egin zuten. Gune hori anitza izatea nahi zuten. Mugimendu Sozialistako kideek «jokaldia» salatu zuten. «Txosnagunea jartzeko baimenduta daukagun aukera bakarra lapurtu nahi digute». Bitartean, inauterietarako prestatutako egitarauarekin aurrera jarraitzeko asmoa azaldu zuten, eta dei egin zioten Ezker Abertzaleari, desadostasunak, proposamenak edota Plaza Berrian txosna jartzeko asmoa izanez gero, beraiengana gerturatzeko.

Inauterien atarian, Mugimendu Sozialistako kideek «ilusioz» jakinarazi zuten, «oztopoak oztopo, tosnagunearen antolakuntza aurrera ateratzea lortu» zutela eta Plaza Berrian kokatuko zutela. Bitartean, Ezker Abertzaleko kideek salatu zuten udalak «gatazka saritu» eta beraiek aurkeztutako proiektua «baztertu» zuela. Ostegun Gizen bezperan, Olatz Peon «oso haserre» agertu zen, azken egunetako adierazpenengatik; txosnaren inguruko afera guztiaren desadostasunaren oinarria «eztabaida politikoa» zela nabarmendu zuen. Biharamunean, manifestazioa egin zuen Mugimendu Sozialistak, «erasoak» salatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!