Urtekaria 2023

Tolosako Santa Klara komentuak ateak itxi ditu

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 31a, 07:59

Tolosako Santa Klara komentuaren kanpoaldea. A. ARROYO

Azaroan utzi zuten komentua bertan bizi ziren lau mojek. 357 urte egin dituzte klaratarrek bertan, eta hortik Gasteizera lekualdatu dira. Hainbat liburu osatu dituzte komentuko bizitzaren inguruan.

Hiru mende baino gehiagoko ibilbidearen ondotik, ateak itxi ditu Tolosako Santa Klara komentuak. Itxieraren atarian, hainbat ekimen antolatu dituzte herria agurtzeko: Aranburu Jauregian erakusketa bat jarri dute, eta hainbat liburu ondu dituzte komentuko bizitzaren nondik norakoak gordetzeko. Eukaristia berezia ere egin dute, eta parte hartu du Fernando Prado Donostiako gotzainak.

Santa Klararen ordena 1612an iritsi zen Tolosara, eta garai hartan Korreo kaleko Iturritza Jauregian jarri ziren bizitzen. Urte batzuk geroago, 1666an «haien beharretara egokitutako» komentua eraiki eta bertara mugitu ziren.

Eraikinaren etorkizuna
Santa Klara komentua hutsik geratuko da 357 urteren ondoren, eta herritar askoren buruan bakarrik sortuko da galdera: zer gertatuko da eraikinarekin? Arduradunek azaldu dutenez, «lehen asmoa» da etorkizunean ere «erlijioarekin zerikusia» duen erabilera bat mantentzea, baina onartu dute ez dela «batere erraza» izango.

Era berean, kontatu dute prest egongo liratekeela espazioa kultur ekimenen eta jardueraren bat egiteko uzteko; baldintza nagusi batekin, ordea, aipatu proiektuak «bat egin» beharko luke klaratarrek mantendu duten «bizitza ereduarekin». Bi aukera horiez gain, momentuz, ez dute besterik aurreratu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!