A30 Greba Feminista Orokorra

«Guk ez dugu sistema hau zainduko»

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 30a, 13:58

Elkarretaratze jendetsua egin dute eguerdian Tolosan, zaintza sistema publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa aldarrikatzeko. Aitortza berezia egin diete greba egin nahi eta ezin izan duten zaintza sektoreko langileei.

Mugimendu feministak deitutako grebarekin bat egin, eta herritar ugari elkartu da Tolosako Trianguloa plazan egin duten elkarretaratzean. Bertan, ELA eta LAB sindikatuko kideek esan dute «eredugarria» dela greba feminista orokorra deitu izana, «zaintza lanak erdigunera ekarri eta hauen balioa aitortzeko».

Sindikatuen ustez mobilizazioak eztabaida politikoa «aberasten» du, «zaintzaren kontzeptua politizatuz, oso garrantzitsuak diren aldarrikapenak eztabaidaren erdian kokatzen ditu, eta erakundeak interpelatzeko balio du». Era berean, gaurko egunean «milaka langilek kalera atera dituzten aldarrikapenei» Eusko Jaurlaritzak ezin diela «entzungor egin» adierazi dute. Hala, erakunde publikoei norabide aldaketa eskatu diete politika publikoetan, «zaintza sistema publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa eratzeko».

Sindikatuetako kideek aitortza berezia egin diete gaur greba egin nahi eta ezin izan duten langile guztiei. Azken urteetan zaintza sektorean, egoitzetan edo etxez etxeko zerbitzuetan, egindako grebek eta sektore feminizatuetako grebek agerian utzi dutela zaintza sistema «pribatizatua eta guztiz prekarizatua» dagoela esan dute; «Hau guztiagatik gaurko egunean ozen oihukatu nahi dugu guk ez dugula sistema hau zainduko».

«Zaintza politikek erabateko aldaketa behar dute»

Eguerdiko elkarretaratzearen aurretik, kotxe karabana egin dute Usabalgo aparkalekutik abiatuta, zaintzarekin lotutako bi geldialdi nagusirekin: Iurreamendi egoitza eta Uzturre egoitza. Bertan, egoiliarren senideek mugimendu feministak deitutako greba orokorrarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzak gaiaren inguruan gaur egun daramatzan politikek «erabateko aldaketa» behar dutela adierazi dute, «adinekoen egoitza publikoetan lanean diharduten langile guztien lanari dagokion benetako garrantzia emanez».

Hala, epe motzera egoiliarrenganako arreta integral eta pertsonalizatura zuzendutako beharrezkoak diren neurriak hartzea eskatu dute, familien ordezkariek zer esana izatea, eta egoitza publikoen kopurua handitzea. Halaber, eskaera horien aurrean, lan arlotik «erantzun positibo bat» espero dutela esan dute.

Egoiliarren senideek «zaintza duinaren sistema publiko baten lorpenean» greba orokorra «aurrerapauso handi bat» izatea espero eta desio dute.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!