Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2023

Adierazpen Instituzionala egin du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 25a, 11:58

Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira, honako adierazpen instituzionala onartu du udalbatzak, aho batez.

Azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, sexu-indarkeriak adingabeen artean «gero eta eragin handiagoa» duela azpimarratu eta arreta jarri nahi du udalak, «indarkeria mota hori ikusezinena eta normalizatuena baita, eta urtetik urtera gora egiten jarraitzen baitu».

Udalak adierazi duenez, hainbat txostenen arabera, sexu-delituen biktimen %40 adingabeak dira, gehienak neskak eta nerabeak. «Adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin du. Laguntza espezializatuaren eskaerek ere gora egin duten arren, datuek erakusten dute neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria-adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan».

Udalak gaineratu du mugimendu feministak eta adituek horien arrazoiak genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana direla adierazten dutela. «Era berean, ohartarazten dute adingabeen artean genero-mito eta -estereotipoak hedatzen ari direla, baita haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu-hastapen goiztiarrari buruzkoak ere, neurri handiagoan, ohiko erabilerako sare sozialetan. Kasu askotan, gainera, biktimen sinesgarritasunik eza antzematen da, eta horrek eragotzi egiten du esku-hartze goiztiarra eta erreparatzailea, adingabeei egindako sexu-abusu eta sexu-erasoen kasuetan».

Horren guztiaren ondorioz, harreman afektibo-sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren irudi desitxuratua zabaldu dela nabarmendu du. «Sexu-indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, baita, muturreko moduetan, emakumeen hilketetara ere».

Horren guztiaren aurrean, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituztela esan du, «emakumeek eta neskek bizitza garapen osoa izan dezaten, askatasun- eta segurtasun-baldintzetan. Hain zuzen ere, beraien desirak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adieraz ditzaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita».

Udalak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, udalerritan berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetzarako baldintzak bultzatzeko arduradunak direla aldarrikatu du. Hori dela eta, konpromiso hauek hartu ditu:

  • Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia eratzea/hobetzea/indartzea, adingabeen artean sexu-indarkeriari aurre egiteko egiturak, baliabideak, zerbitzuak edo programak ezarriz.
  • Biktima adingabeen inguruan sexu-indarkerien antzematea eta arreta goiztiarra gaitzea/hobetzea, tokiko koordinazio-protokoloen bidez.
  • Sexu-indarkerien biktimekin esku hartzen duten profesionalen prestakuntza-programak diseinatzea/ezartzea/eta ebaluatzea
  • Sentsibilizazio-programak diseinatzea/garatzea/hobetzea herritarrekin, eta bereziki gurasoekin eta irakasleekin, IGEen bitartez, genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrari buruzkoak.
  • Hezkuntza ez-formaleko espazioetatik hezkuntza-prozesuak garatzen laguntzea, adingabeen indarkeria matxistaren aurkako jarrerak indartzeko.

Konpromiso horietan oinarrituta, honako ekintza hauek proposatzen ditu:

  • Neskei eta nerabeei zuzendutako ahalduntze-programak indartzea, sexualitateari, bikote-harremanei, maitasun erromantikoari, autodefentsa feministako tailerrei eta abarrei buruzkoak
  • Mutiko eta mutilei zuzendutako esku-hartzeak abian jartzea, afektibitatea, harreman-ereduak, maskulinitate-ereduak edo rol sexistak eta parekidetasuna gainditzeko estrategiak lantzeko.
  • Indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzea, indarkeria matxista mota berri horiei ere aurre eginez.

Era berean, herritarrei dei egin die, gaur, 19:00etan, Tolosako Asanblada Feministak, Emakumeen Aurkako Indarkeria Gabeko Bizitzak – Vivas, libres y organizadas’lelopean antolatutako manifestazioan parte hartzera, eta ondoren, Numen dantza taldearen ikuskizuna eta E3 Euskal Emakume Eskultoreen elkartearen Indarkeria Sexistaren Aurkako Letaniak performance-a ikustera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!