Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2023

Batzuen ezina, besteen mina

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko aza. 9a, 07:59

Azaroaren 25aren bueltako egitarauaren barruan, Garbiñe Biurrun epaileak 'Alokairuko sabelak' hitzaldia eskaini du Topic-en; haurdunaldi subrogatuaren funtzionamenduaz eta eraginaz aritu da.

Ilun dago Tolosako Topic museoko aretoa. Fokuek agertokiko bi besaulkiak eta bandera morea argitzen dituzte. Bertan ez dira bi txotxongilo eseriko, ez noski, bi emakume aditu eta ahalguztidun baizik. Pilar Garaialdek gidatuta, hastera doa Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko areto sozialeko lehendakariak eta EHUko irakasleak haurdunaldi subrogatuari buruz egingo duen hitzaldia: Alokairuko sabelak.

Aretoko aulki koloretsuetan esertzen ari dira entzuleak; adin guztietakoak bertaratu dira: nerabeak, gazteak eta helduak. Gaurkoan, emakumeak gizonak baino gehiago dira. Era guztietako adituak daude, hala nola, medikuak, psikologoak eta politikariak, eta tartean, aita edo ama direnak eta ez direnak, hala izatea ala ez erabaki dutelako. Biurrun eta Garaialde agertokiko besaulkietan eseri dira, baina ez daude eroso, eta gaiak hala egotea eskatzen du. Kuxina bana ekarri dizkiete. «Orain, bai, hasi gaitezke».

Tolosako Asanblada Feministak antolatu du saioa, gizartean hazkunde handia izaten ari den haurdunaldi subrogatuaren praktikak zertan datzan ezagutzeko, eta bi helburu nagusi ditu: aretotik jakintza handiagoarekin etxeratzea eta aurrerantzean gaiarekiko pentsamendu kritikoagoa izatea. Biurrunek argitu du hitzaldietan inoiz ez duela gaiarekiko jarrera edo iritzia aldez aurretik adierazten, baina kasu honetan bai, egin nahi duela dio: «Guztiz aurka nago. Astakeria bat iruditzen zait, guztion duintasunaren aurka doan erabaki bat».

Galdera motz bezain mardulekin hasi da hitzaldia: Zer da gurasotasuna? Desioa? Eskubidea? Hori izango da hitzaldiko hari nagusia. Biurrunek argitu du praktika deskribatzeko terminologia askotarikoa dela, eta esan du horiek ideologiari guztiz lotuta daudela: «Aurka gaudenok alokairu eta sabel hitzak erabiltzen ditugu eta pertsona guztion askatasuna eta duintasuna defendatzen dugu; alde daudenek, berriz, haurdunaldia eta subrogazioa terminoak erabiltzen dituzte eta guraso izateko eskubidea eta altruismoa arrazoitzen dituzte. Azken horiek laborategiko argudioak dira».

Praktika hau ezin da edozein herrialdetan aurrera eraman, gutxi batzuetan baizik. Gainera, herrialde bakoitzak legedi desberdin bat dauka, herrialdeen artean diru baldintzak oso desberdinak izan daitezke eta praktikaren arrakasta-maila desberdina izan daiteke. Euskal Herrian indarrean dagoen legediak, kasu honetan Europar Batasunekoak, debekatuta du haurduntza subrogatua. Hala ere, urtero EAEko 250 eta 300 haur artean jaiotzen dira praktika honen bitartez, hemendik kanpo noski.

Besteak beste, praktika hau legezkoa da honako herrialdeetan: AEB, India, Grezia, Thailandia, Errusia, Kanada, Ukraina, Mexiko eta Portugal. Azken horretan, ordea, bikote homosexualei (lesbianei ez) ez zaie baimentzen praktika hau. Italiarrek, bestalde, urte honetatik aurrera guztiz debekatuta dute, baita beraien herrialdetik kanpo egitea ere; delitua da, bestela isun oso potoloak izango dituzte.

Amatasun eskubiderik ez

Haurdunaldi subrogatua beste praktika batzuk baino urrunago doala nabarmendu du Biurrunek. «Pertsona askoren parte hartzea eskatzen du. Merkatuan dagoen negozio berri bat da, eta agentzia ugari aritzen dira horretan lanean». Gaur egun, kontratu bidez eramaten da aurrera praktika hau; guraso izateko intentzioa dutenek osatzen dute, eta haurdunak sinatu. «Ez dago inolako askatasunik. Azken finean, enkargu bat da. Emakume batek haur bat erditzen du, ondoren beste bati emateko». Kontratu horiek, ordea, 2006az geroztik baliogabeak dira Espainian; Abortuaren Legearen arabera, praktika hauek indarkeria dira.

 

Biurrunek adierazi du kontratu horietan nabarmen geratzen dela errealitatea oso krudela dela. «Haurdunari inoiz ez zaio ama esaten; ez dauka eskubiderik. Klausulen arabera sabela besterik ez da». Ezin aipatu gabe utzi kontratuak osatzerako orduan haurdun geratuko denaren aurrekari penalak eskatzen dituztela; guraso izateko intentzioa dutenenak, berriz, ez. «Haurdunak eskubide guztiak galtzen ditu, beste batentzat haurdun dagoelako, erabat kontrolpean. Gure legediak dio, ordea, erditzen duena dela ama, eta ezin dela bigarren amarik izan».

Praktika hau hedatzearen arrazoiaz galdetuta, oztopo natural edo biologikoak aipatu ditu epaileak. Adopzioaren aukera ere mahai gainera ekarri dute hitzaldian. «Lehen aukera bat zen, baina itxi egin dira nazioarteko adopzioak, zorionez herrialde horietan umezurtzak hazi eta hezteko gai direlako». Gaur egun familia mota asko daudela eta betiko modeloak hankaz gora jartzen ari direla esan du epaileak. «Baina, hau ez da familia mota berri bat», argitu du.

Ondorioak arautu beharra

«Beraz, irtenbide hau zilegi da? Desira hau eskubide bat da?, galdetu du Garaialdek «Judizialki ez», erantzun dio Biurrunek. «Inon ez dago onartuta, eta ez da etikoa. Inork ez dauka eskubiderik modu horretara aita edo ama izatea erabakitzeko», gaineratu du, eta gogora ekarri du 2018ko Nazio Batuen Erakundearen Txosten Berezian aipatzen dena: «Haurren salerosketa dela zehazten du».

Epaileak esan du bere iritziz praktika ez lukeela arautuko, baina ondorioak bai. «Umea eta gurasotasuna ez nituzke ukituko, baina zigorrak jarri daitezke, ekonomikoak noski, eta oso gogorrak». Biurrunek desira bat du: «Konbentzituta nago laborategietan aurrerapausoak emango dituztela. Bitartean, emakumea bihurtzen ari da laborategi bat».

Saioa amaitzean, publikoak txaloz eskertu du hizlariaren eta elkarrizketatzailearen lana; gustura atera da aretotik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!