A30 Greba Feminista Orokorra

ELAk azaroaren 30eko greba orokor feministarako deia egin du

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 20a, 13:19

'Feministak garelako, zaintza publikoaren alde' lelopean egin dute gaurko elkarretaratzea.

ELA sindikatuko hainbat sektoretako langile eta ordezkariak, batez ere zaintza esparruko langileak, Trianguloan bildu dira gaur, azaroaren 30eko greba orokor feministaren deialdia zabaltzeko asmoz.

Azaroaren 30eko grebarekin bat egiteko eskatu diete herritarrei. ELA sindikatuko Oria-Goierriko soziosanitario arloko arduradun Ana Mertxanek esan du pandemiak argi utzi duela zaintza lana bizitzari eusteko funtsezkoa den arren, gutxietsi egiten dela. «Lan banaketa ez dago orekatua, izan ere, lan mota horiek ia osotasunean emakumeok egiten ditugu». Hori dela eta, sexuaren eta jatorriaren araberako lanaren banaketarekin amaitu behar dela eta emakume zein gizonen arteko parekidetasuna lortu behar dela esan du.

Hori lortzeko, kontziliazioa hobetu behar dela aldarrikatu dute gaurko elkarretaratzean, besteak beste, lanaldia modu orokortuan murriztuz eta zaintzarako baimen kopuruak handituz, «horrexegatik goaz grebara, hori lortzeko». «Esan beharra dago administrazio publikoek zaintzaileok modu kontzientean prekarizatzen gaituztela eta zerbitzuaren kudeaketa merkeenari saltzen diotela. Irabazi asmoa pertsonen ongizatearen aurretik jartzen dute. Zerbitzu publikoak hedatu behar ditugu, azpikontratatutako sektoreak publiko egin, azken finean, profesionalizatutako zaintza lanak desmerkantilizatu behar ditugu, eta horregatik goaz grebara».

Azaroaren 30ean doako zaintza sistema aldarrikatuko dutela esan du ELAren ordezkariak «kopagorik gabea eta zergen bidez finantzatuko dena». Eta hori lortzeko zerga erreforma berria behar dela gehitu du. 2023an hego Euskal Herrian egindako greben bi herenak emakumeek egin dituztela nabarmendu du eta greba horiek sistema kapitalistak eskaintzen duen zaintza sistema eraldatzeko funtsezkoak izan direla gehitu du.

Bukatzeko hainbat eskaera egin ditu, hain justu, greba orokor feministaren oinarrian daudenak: ratioak hobetzea, subrogazioa bermatzea, lanpostuak kontsolidatzea, lan osasuna hobetzea, berreskurapen emozionala lortzeko plana aurkeztea, zaintzaile guztiak erregularizatzea, ikuskaritza baliabideak handitzea eta soldata arrakala amaitzea, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!