Tolosaldeko ospitale publikoa

Ospitalea eraikitzeko HAPOaren aldaketa puntuala egiteko idazketa lanak, esleituta

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 7a, 13:19

Suhiltzaileen pareko aparkalekuan eraikiko dute ospitale berria.

Tolosako jarduneko udal gobernuak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren  aldaketa puntuala idazteko lanak esleitu zituen atzo. Prozesua lau fasetan egingo dute eta aurreikuspenen arabera, 2024rako bukatuko dituzte hirigintza izapide guztiak. Orduan sinatuko da Jaurlaritzaren eta udalaren arteko hitzarmena, zoruen lagapena egiteko.

Tolosako jarduneko udal gobernuak gogoratu du 2021ean abiatu zuela HAPOa aldatzeko prozedura, ospitale publikoaren eraikuntza suhiltzaileen etxe pareko eremuan egin ahal izateko. Geroztik, udalak beharrezko txosten sektorialak bideratu ditu eta herritarren partaidetza bermatzeko parte hartze programa garatu eta onartu duela esan du.  2022ko azaroan jaso zuen Tolosako jarduneko udal gobernuak HAPOaren aldaketa puntuala egiteko ospitale berriari buruzko beharrezko informazioa (azalerak eta abar) eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala idazteko esleipena abiarazi zen orduan.

Atzo esleitu zituzten idazketa lanak eta Rehabite Aholkularitza Teknikoa SLP enpresak jaso du, 29.645 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Enpresa esleipendunak bideragarritasun teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa aztertu beharko ditu, indarrean sartu diren araudi ezberdinak ere kontuan hartuz eta herritarren parte hartzeko saioak aurreikusiz, aho batez onartutako partaidetza programa aurrera eramateko.

HAPOaren aldaketa puntuala 4 fasetan

Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntuala egiteko prozedurak 4 fase izango dituela esan du udalak. Lehenengo fasean, ingurumen ebaluazioa egingo dute eta ingurumen dokumentu estrategikoa eta plan orokorraren aldaketa idatziko dituzte. Herritarren parte hartzeko lehenengo bilera irekia fase honetan egingo dute. Bigarren fasean, hasieraz onartuko da aldaketa. Herritarren parte hartzeko bigarren bilera irekia egingo dute orduan eta bilera horretan hasierako onespeneko hirigintza-dokumentuaren aurkezpena egingo dute. Hirugarren fasean, behin behineko onespenaren dokumentua egingo dute, alegazioen balorazioa, alegaziorik balego eta txosten sektorialen azterketa egingo dute. Eta amaitzeko, laugarren fasean, behin betiko onespena emango diote aldaketa puntuala egiteko dokumentuari. 

HAPOaren aldaketa puntuala egin ostean, hau da, hirigintza izapide guztiak amaitu ondoren, aurreikuspenen arabera, 2024. urtean, Tolosako Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren esku utziko ditu lurrak eta Eusko Jaurlaritzak, orduan ekingo dio obra proiektua egin eta obrak  esleitzeko prozesuari.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!