«Garrantzitsuena giro ona izatea da, sesiorik gabe, bakean ospatzea»

Irati Saizar Artola 2023ko ots. 19a, 07:58

Josune Otegi ostalaria inauterietan, zutik, eskuinetik hasita hirugarrena.

Asteasuarra tabernako barra atzetik bizitzen ditu inauterietako egunak Josune Otegi (Aduna, 1963) ostalariak. Festan beharrean lanean pasatzen dituen arren, jendea disfrutatzen ikusteak «pozik» jartzen du bera ere.  

Inauterizalea zara?
Besterik gabe, baina kutsatu egiten zara azkenean. Niretzat inauteriak lana dira, ez dut besterik egiten, beraz, ez naiz inauterien fana, baina jendea pozik ikustea gustatu egiten zait.

Eta mozorrotzea gustatzen zaizu?
Arazo bat daukat horrekin: lotsa ematen dit. Ni ezagutzen nauenak esango du, ea nolatan ematen didan lotsa, baina hala ematen dit, zer egingo diogu. Pentsatu behar da barra atzean lan egin behar dugula, eta erosotasunari asko begiratzen diot. Jendea mozorrotuta ikustea asko gustatzen zait, baina nik neure burua mozorrotzea, ez dakit ba. Igandean txilaba janzten dut normalean, eta gainerako egunetan, jaikitzen naizen gorputzaldiaren arabera. 

Hartzen duzu tarterik, barratik atera eta inauteriak tabernatik kanpo ikusteko?
Ezta batere. Lana, lana eta lana egiten dut. Jendea ondo eta eroso egon dadin zaintzea gustatzen zait, ez dut tarterik hartzen kanpora ateratzeko. Baina nirekin gogoratzen da jendea, eta kanpotik barrura sartzen dira, nirekin argazkiak ateratzera adibidez, eta hori niretzat pozgarria da. 

Inauteriak beraz, tabernatik ikusten dituzu?
Bi kaleetara dauzkat ateak, eta hortik pasatzen dena soilik ikusten dut: jendea eta txarangak. Kasu egitera sartzen bazaizkit, eskuzabalik hartzen ditut. 

Nola bizitzen dituzu inauteri egunak?
Intentsitate handiz bizitzen ditut, ni ere halakoa naizelako. Niretzat inauterietan garrantzitsuena giro ona izatea da, sesiorik gabe, bakean ospatzea. Nire tabernan halako giroa izaten saiatzen naiz. Orain urteak gora doazkit, baina, hala ere, tabernako momentu jakin batzuetan bertan egotea gustatzen zait, ikusi egin nahi izaten dut giroa lasai dagoela. Tabernan egoten naiz ahal dudan gehienetan, altzari baten moduan. Horrelakoa naiz, izateko modua horrelakoa dut. 

Zenbat ordu egiten dituzu lo inauterietan?
Beldurgarria da, hori ezin dut erantzun [barreak]. Ez ditut behin ere kontatu, baina gutxi dira. Inauterien aurretik begiratuta urduritasun puntu batekin ikusten ditut egunak, baina behin giroan sartuta, egunak arin pasatzen zaizkit. 

Gustuko dituzu txarangak?
Txarangak izugarri gustatzen zaizkit. Zentzu onean aztoratu egiten naute. Txaranga tabernaren atarian geratzen den aldiro bost minutu hartzen ditut, kanpora atera, kasu egin eta eskerrak ematera tabernaren aurrean geldialdia egin eta musika jotzeagatik. Bederatzi urte daramatzat Asteasuarra tabernan, eta hori beti errespetatu izan dut. Gozatu egiten dut. Esaterako, orain gutxi hasi da Lasko txaranga kaleak alaitzen, gaztetxoak dira, eta nire umeak izango balira bezala maite ditut. Nire mutikoak eta neskak dira, bigarren amatxo naiz beraientzat. Asko zaintzen ditut.

Zurekin gogoratzen diren seinale.
Niretzat hori inauterietan gehien betetzen nauen momentua da. 

Taberna prestatzen ere hartzen duzu lana.
Argazkiak jartzen ditut paretetan. Bezeroek ekartzen dizkidate eta Ramon sukaldaria arduratzen da guztiak jartzeaz. Banderatxo batzuk ere jartzen ditugu eta gu ez garenez gehiegi mozorrotzen, taberna behintzat apainduta egoten da.

Ze egun duzu gogokoen?
Asteartita. Ez inauteriak bukatzen direlako, ni lasaiago egoten naizelako baizik. Igande gaua ere asko gustatzen zait. Gustatzen zaidan beste gauza bat da, nire izenetik deitzen nautela bezeroek, eta hori da bertako jendea eta inguruko herrietako jendea dabilelako tabernan. Hori niretzat inportantea da, herri giroa mantentzen saiatzen naiz horrela. 

Tabernan jartzen duzun musika ere gakoa izango da.
Kaldereroetan Jon Castañeda etorri zitzaigun musika jartzera, eta hark jarritako musika jartzen dut gehienetan. Reggaetoia bi edo hiru abesti jartzen saiatuko naiz, gainerakoan, euskal musika eta gaur egungo musika jartzen ahaleginduko naiz. Horrek ere ekartzen duelako herri giroa, nire ustez. 

Inauteri ondorena zer moduz?
Beti hartu izan dut egun bat lo egiteko eta beste egun bat garbitzeko. Aurten, beharbada, lauzpabost egun hartuko ditut. 

Erlazionatuak

«Izan ere, ni naiz VIP, ez lekua»

Tolosaldeko Ataria 2023 ots 17 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!