M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2022

Pandemiak emakumeengan izan dituen ondorioez hausnartu dute artistek

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 8a, 14:59

Tolosako Aranburu Jauregian egongo da erakusketa ikusgai apirilaren 23ra arte. Ia 60 artisten lanak bildu dituzte Enpoderarte emakume artisten nazioarteko elkarteko kideek; tartean eskualdeko artisten lanak ikus daitezke.

Empoderarte emakume artisten nazioarteko elkarteak erakusketa inauguratu du martxoaren 8an Tolosako Aranburu Jauregian. 60 artisten lanak bildu dituzte bertan eta erakusketa apirilaren 23ra arte izango da ikusgai. Emakumea eta pandemia izenburua jarri diote mostrari eta bertan COVID-19aren pandemiak utzi dituen ondorioez hausnartu dute artistek. Erakusketaren komisarioek adierazi dutenez, "pandemiak sorrarazitakoak emakumeok jasaten ditugun berdintasun faltak areagotu ditu".

Sara Beiztegi, Empoderarte elkarteko lehendakariak azaldu duenez, artea eta aktibismoa uztartzen dituzte taldean biltzen diren artistek. "Emakume artisten ikusgaitasuna, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borroka eta indarkeria matxistaren kontrakoa uztartzen ditugu gure lanetan". Aldarrikapenerako baliatzen dituzte urtero antolatzen dituzten erakusketak, eta besteak beste, aurreko urteetan, lapurtutako haurren auzia, inmigrazioari buruzko problematika, prostituzioarena edo sorginen gaia aipatu izan dituzte.

Oraingo honetan aktualitate handiko gai bati heldu diotela aipatu du Beiztegik: "Zaintza erdigunean jartzeko beharra aldarrikatzen dugu eta gure egiten dugu mugimendu feministaren aldarri nagusienetako bat. Gizarte bezala zaintza lanak ikusarazi egin behar ditugu, baloratu eta elkarren artean banatu. Gizarte zibilaren eta estatuaren arteko akordio bat behar da zaintzari dagokionez".

Beiztegirekin batera, Pepa Santamaria, Estefania Ocampos eta Miren Atxagak eraman dute erakusketaren komisariotza. Atxagak erakusketaren inaugurazioan nabarmendu du gizarteko sektore zaurgarrienek gehiago jasan dutela pandemiaren eragin sozial eta ekonomikoa. "Eremu formalean zaintza lana egiten duten langileen %70 emakumeak dira. Baina zaintza informalean ere badaude datuak. Krisi honetan, astean emakumezkoek gizonezkoek baino 16 ordu gehiago egin ditugula lan diote estatistika batzuek. Rolen desoreka handia dago eta zaintza arloan gure presentzia handia bada ere, gero OME bezalako erakundeetan %20a baino ez dira emakumezkoak".

Indarkeria matxistaren aurkako datuak ere eman dituzte erakusketaren antolatzaileek. Esan dutenez, itxialdiak iraun zuen 15 egunetan, 4.042 dei jaso zituzten 016an. "Icebergaren muturra baino ez da hori", esan du Beiztegik. "Egoerak zekarren zaurgarritasunarekin batera, alkoholaren eta pornoaren kontsumoa handitzearekin batera, aparra bezala igo ziren garai horretan eraso sexual, psikologiko eta fisikoak", gainera du Atxagak.

Askotariko lanak ikusgai

Emakumeak eta pandemia erakusketaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, erakusketa kontzeptuala da egunotan Aranburu Jauregian ikusgai izango dena. "Lan bakoitzak bere azalpena dakar. Ez dira obra figuratiboak eta ez dira atseginak izateko sortu. Ikuslea hunkitu nahi dute eta egungo jendartea auzitan jarri nahi dute", azaldu du Beiztegik.

Ia 60 artisten lanak ikusi daitezke erakusketan: eskulturak, pinturak, instalazioak, argazkiak... Empoderarte elkarteak erakusketan parte hartzera gonbidatu ditu eskualdeko hainbat artista. Euren lanak ikusgai jarri dituzten Tolosaldeko artisten artean daude, Arantxa Orbegozo, Arantza Munita, Elena Arrese, Idoia Elosegi, Leire Markinez, Miren Gonzalez Goikoetxea, Nerea Linazasoro, Nisa Goiburu, Tytti Thusberg eta Ura Iturralde.

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean inauguratu dute erakusketa, eta hemendik aurrera lau bisita gidatu egingo dituzte. Martxoaren 11n eta 17an, 11:00etatik 12:00etara ikasleentzako bisita gidatua izango dira, eta martxoaren 17an eta apirilaren 12an, 19:00etan egingo dituzte gainerako herritarrentzat bisitak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!