Maria Felisa Okomok Euskadiko marka egin du absolutu mailan

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 8a, 12:55

Pista estaliko absolutu mailako Espainiako Txapelketan lortu du errekorra, 14,33 metrorekin, eta brontzea lortu du. Joseba Larraurik Gipuzkoako marka egin du 200 metrotan.

Inauterien asteburuan jokatu zuten pista estaliko absolutu mailako Espainiako Txapelketa, eta Tolosa CF Atletismo taldetik joandakoen artean, Maria Felisa Okomo nabarmendu zen bereziki. Teknika birakaria pixkana hobetzen ari da, eta txapelketan egindako azken jaurtiketan saiakera bikain bat egin eta 4 kiloko bola 14,33 metrotaraino botatzea lortu zuen. Jaurtiketa horrek pista estaliko Euskadiko errekor absolutu berri bat suposatu du, orain bederatzi urte Amaia Doublangen 14,12 metroko marka hobetuz. «Mende honetan klubak lorturiko emaitzarik aipagarriena dudarik gabe», azaldu dute Tolosa CF-tik. Marka horrekin brontzezko domina lortu zuen Okomok.

Joseba Larrauri irurarrak ere parte hartze bikaina izan zuen, eta absolutu mailako Gipuzkoako errekorra eginez 200 metroetan, finalera igarotzea lortu zuen. 21,45ko markarekin, Juanjo Prado olinpiar atleta ohiak orain 37 urte ezarritako errekorra ehuneneko batean hobetu du Larraurik. Zoritxarrez, iskion-tibietako molestia batzuk direla eta, mina hartzeko arriskua ekiditeko asmoz, finalean ez parte hartzea erabaki zuen.

Nora Ituarte ibartarrak ere txapelketa bikaina egin zuen eta 200 metrotan bere Tolosako errekorretik gertu geratuz, 24,84ko marka egin zuen, finalerdietara igaroz. Finalerdian, aldiz, hirugarren kalea egokitu zitzaion eta proba horretan kaleak oso garrantzitsuak dira markak lortzeko. Halere, baldintza hori izanik ere lasterketa bikaina egin zuen eta 25,12ko marka egin zuen.

Julen Martin tolosarrak debuta egiten zuen absolutu txapelketa batean eta lan bikaina egin zuen. 60 metro hesietan bere markatik oso gertu ibili zen lasterketa on batean eta 8,31rekin kanporaketa oso txukunak egin zituen.

Ainhoa Gibelalde tolosarrak ere debuta egin zuen eta belaunean molestia batzuekin joan bazen ere, 60 metro hesietan eta 200 metrotan parte hartu zuen, horrelako txapelketa bat ez baitzuen galdu nahi. 200 metroak oso ondo egin zituen 25,63 markarekin bere onenetik gertu geratu zelarik. Hesietan, aldiz, mina nahiko handia zuen eta horrek ez zion lasterketa ondo egiten utzi, nahiz eta 9,27rekin bukatu ahal izan zuen.

Irati Azpilgain tolosarrarentzat ere estreinaldia zen eta bera ere 200 metroetan aritu zen. 25,73rekin marka txukuna egin zuen eta txapelketan oso ondo egin zuen bere lana taldeko atletarik gazteenak. Esperientzia bikaina dudarik gabe eta bere 20 urtez azpiko txapelketari begira motibazioa emango diona.

ROCA, BIGARREN EUROPAN

Asteburu horretan ere izan zen, Bragan (Portugal), master mailako pista estaliko Europako Txapelketa, eta Tolosa CF-ko Armando Rocak zilarrezko domina lortu zuen 60 metroko proban. M85 mailan lortu zuen domina Rocak, 11,81eko marka eginez.

18 URTEZ AZPIKO ESPAINIAKOA

Asteburuan, 18 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, Tolosa CF-ko lau atletak finalista postu bat eta hiru finalerdietakoak lortu dituzte. Manex Civicok 3.000 metroetan lasterketa ona egin zuen eta bere marka pertsonaletik segundo eskasera geratuaz, 8.43rekin bosgarren postua lortu zuen, domina gertu eduki zuelarik lasterketa bukaera arte.

Ander Aristi bi probetan aritu zen eta bietan lan ona egin zuen. 60 metro hesietan, bere marka onduz, 8,34rekin finalerdietara igarotzea lortu zuen. 200 metrotan ere, bere bizitzan bigarren aldiz 23 segundoetatik jaitsi zen eta finalerdietatik postu bakarrera gelditu zen 22,86ko denborarekin. Ane Martin, 1.500 metrotan marka eginez, 4.51rekin finaleko txarteletik bi segundora gelditu zen. June Sudupe ere ez zen 800 metrotako finaletik urrun ibili. Bere lasterketan tiraka atera ondoren, finaletik gertu gelditu zen 2.19rekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!