Brontzezko bi domina eta marka bikainak Espainiakoan

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 23a, 19:58

Tolosa CF-ko zazpi atleta izan dira 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan. Joseba Larrauri eta Maria Felisa Okomo izan dira dominak lortu dituztenak.

Tolosa CF Atletismo taldeko zazpi atleta izan dira asteburuan Salamancan (Espainia), pista estaliko 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan parte hartzeko, eta brontzezko bi domina lortzeaz gain, marka bikainak egin dituzte. Domina lortu duenetako bat Joseba Larrauri izan da, 200 metroko proban. Brontzea lortzeaz gain, 23 urtez azpiko Euskadiko marka egin du. Beste domina Maria Felisa Okomok bereganatu du, pisu jaurtiketan, 12,88 metroko marka eginez.

Nora Ituartek 200 metroetan 24,73ko markarekin Tolosa CF-ko errekor berria ezarri du, txapelketan finalista izatea lortuz. Ituarte 60 metrotan ere fin ibili da eta 7,74ko markarekin finaletik bi ehunenekora geratu da.

Ander Urangak 200 metroko proban parte hartu du eta 21,95eko markarekin finaletik hiru ehuneneko eskasera geratu da. Ainhoa Gibelaldek ere 200 metroetan parte hartu du eta 25,50eko marka pertsonala egin du. Horrez gain, 60 metro hesietan 8,97ko marka egin du. 200 metroko proban parte hartu duen beste atleta Iratxe Martin izan da eta 26,10ekin bere marka pertsonala egin du. Azkenik, Izaro Perurena 1.500 metroko proban lehiatu da eta 4.52ko markarekin finalerdietara iristea lortu du.

31 DOMINA GIPUZKOAKOAN

Pasa den larunbatean egin zen, goiz eta arratsalde, maila txikietako pista estaliko Gipuzkoako Txapelketa. Parte hartze eta emaitza izugarriak lortu direla azaldu dute Tolosa CF klubetik. Izan ere, klubeko ia ehun parte hartzaile izan dira eta 31 domina lortu dituzte: urrezko zazpi, zilarrezko hamasei eta brontzezko zortzi.

Hauek izan dira urrezko dominak lortu dituzten atletak: Kira Pascual (300 metro, 42,48), Irati Azpilgain (60 metro, 7,96), Maier Olano (1.000 metro, 3.10), Saioa Carranza (luzera jauzia, 4,90 metro), Maren Goenaga (800 metro, 2.03) eta Mikel Ezkerro (60 metro hesiak, 8,41).

Zilarrezko domina ondorengoek lortu dute: Naroa Arrospide (800 metro, 2.31), Ainhoa Murua (200 metro, 26,91), Aiur Lertxundi (60 metro hesiak, 9,65, eta 60 metro, 8,18), Irati Urdanoz (pisua, 10,71 metro), Saioa Rodriguez (1.500 metro, 5.19), June Sudupe (400 metro, 59,87), June Plazaola (luzera jauzia, 4,87 metro), Jon Turrado (60 metro, 7,49; 200 metro, 24,24, eta luzera jauzia, 5,75 metro), Ander Aristi (60 metro, 8,75, eta 200 metro, 22,75), Mikel Irastorza (60 metro hesiak, 8,57) eta Martin Maiza (300 metro, 39,56).

Brontzezkoak, berriz, atleta hauek lortu zituzten: Iune Perez (400 metro, 1.03,71), June Lopetegi (200 metro, 26,64), June Plazaola (60 metro hesiak, 9,98), Naroa Rojo (1.500 metro, 5.30), Markel Iraeta (1.000 metro, 2.54), Oier Oreja (600 metro, 1.37), Aimar Artola (800 metro, 2.04) eta Xabi Martinez de Rituerto (altuera jauzia, 1,65 metro).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!