Maila altuko probetan trebatu dira igerilariak

Imanol Garcia Landa 2022ko ots. 17a, 11:58

Tolosaldea IKT taldeko zenbait igerilari bi torneotan izan dira asteburuan. Batetik, Bartzelonan egin den Trofeu Alejandro Lopez proban, eta, bestetik, Mallorcan egindako Erkidegoen Arteko Espainiako Txapelketa.

Bartzelonan zazpi igerilari izan dira, horietatik sei Gipuzkoako selekzioarekin: Maddi Barriola, Imanol Ezeiza, Kepa Oiartzun, Eneko Barriola, Igor Arrigain eta Unai Zubeldia. Euskal selekzioarekin, berriz, Eneko Garmendia izan zen. Joseba Zubeldia entrenatzailea ere bertan izan zen: «Ez da txapelketa garrantzitsuetako bat, eta txapelketa garrantzitsuak prestatzeko bezala hartu dugu. Gero horiek parte hartuko dute Espainiako Open Txapelketan. Emaitza aipagarririk izan ez bagenuen ere, denek finaletan sartzeko aukera izan zuten, eta 50 metroko igerilekuan zela eta bertan egon den maila kontuan hartuta, ondo etortzen zaie ikasteko eta trebatzeko». Apirilean izango dute Espainiako Open Txapelketa, eta horri begira ari dira prestaketa lanak egiten.

Mallorcan egindako txapelketara, taldeko bost igerilari joan ziren, junior eta infantil mailan, erkidegoko selekzioarekin: Naia Sarasola, Enaitz Goñi, Markel Garmendia, Nahia Garrido eta Irene Sagarna. «Irenerentzat lehen Espainiako txapelketa izan da. Lehen esperientzia, eta oso txukun egin du igeri», esan du Zubeldiak. «Naia, Enaitz eta Markelen helburua Espainiako Open Txapelketa da, eta oso emaitza onak lortu zituzten». Bere aldetik, Nahia Garridok lortu zituen emaitza nabarmenenak, 15 urteko Euskadiko bi marka lortu baitzituen, biak bizkar estiloan. 200 metroko proban 2.15,13 egin zuen eta 100 metroko proban 1.03,24.

Asteburu honetan ere lehiaketan murgilduta izango dira Tolosaldea IKT taldekoak. Gainera, Tolosako Usabal igerilekuan egingo den txapelketa izango da: infantil mailako Euskal Herriko Txapelketa. Larunbatean zein igandean izango dira probak, goiz eta arratsaldez. Igerilariek parte hartzeaz gain, Tolosaldea IKT ere antolakuntzan ariko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!