Historia ezagutzeko, ondarea ukitzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ots. 9a, 11:59

Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz, Herrikide ikastetxeko batxilergoko bigarren mailako ikasleak Espainiako gerrako ehun pieza inguru aztertzen eta sailkatzen aritu dira zenbait astez.

XXI. mende hasieran, 36ko gerran desagertu eta hildako pertsonen familien eskutik, Eusko Jaurlaritza eta Aranzadi Zientzia Elkartea elkarlanean hasi ziren, gertakari hartako materiala bildu, aztertu eta sailkatzeko. Duela urte batzuk, Memoria Historikoaren legea onartu zen; geroztik, erreparazioan eta isildutakoen memoria eta historia berreskuratzean oinarritzen da justizia.

Bada, une honetan ezarrita dagoen Batxilergoko hezkuntza curriculumak honakoa adierazten du Batxilergoko Bigarren Mailako Espainia eta Euskal Herriko Historia irakasgaiaren inguruan: «Zenbait iturritatik (ikonografikoak, arkeologikoak, idatzizkoak, informazioaren teknologiek eskainitakoak…) lortutako informazioa bilatu, hautatu, interpretatu eta lotzea, eta historiaren berezko tresnen arabera komeni den bezala tratatzea, prozesu historikoak azalduko dituzten hipotesiak lantzeko».

Gaiari helduz, material arkeologikoak ikasgelara eramatea «beharrezkoa» zela iruditu zitzaion Izaskun Egilegor tolosarrari: «Curriculumak badu gabezia bat. Hezkuntza metodologia Unibertsitatean Sartzeko Ebaluaziora bideratuta dago, eta beraz, ezin da alde horretan berrikuntzarik aplikatu». Ondorioz, froga ezberdinak egiteko une aproposa izanik, aukera aprobetxatzea erabaki zuen. «Ondare kulturalaren sozializazio bidirekzionalean oinarritzen da nire ikerketa, eta proiektu pertsonala bada ere, hezkuntzak ezinbesteko garrantzia du», esan du.

Metodologia aktiboa

Gauzak horrela, Aranzadi Zientzia elkartearekin harremanetan jarri zen Egilegor, eta Julien Blancorekin, Zizurkilgo Azarolatxiki eremuko lubakiaren indusketan aritu den arkeologoarekin, hitz egin zuen. «Zizurkilgo lubakitik material ugari atera zutela esan zidan, ehun pieza inguru. Horregatik, material arkeologikoaren baitan, hezkuntzara bideratzeko plan bat martxan jartzea erabaki genuen».

Plan horren harira, azken asteetan, Herrikide ikastetxeko batxilergoko bigarren mailako ikasle guztiek hartu dute parte proiektuan. «36ko gerra ari gara lantzen beraiekin, eta plan honi esker, materialaren garrantzia aztertzeko aukera izan dute. Gazteek ondarea gertuagotik ezagutu dezaten, aukera paregabea da historia ukitzea».

Egilegorren ustez, proiektu honek, besteak beste, ikasleak bere egunerokotasunetik ateratzeko aukera eskaintzen du. «Ikasgelan metodologia aktibo bat martxan jartzea ahalbidetzen du, Memoria Historikoan aktiboki parte hartzea, alegia. Ikasleek, gainera, duten ezagutzari eta baliabideei esker, zenbait datu berri eskaintzen dizkiete Aranzadiri, materialen sailkapenari dagokionez», azaldu du.

Laborategi arkeologikoa

Horrelako ekimenen bitartez, ondoren atera daitezkeen ikerketa lanetarako baliagarriak izan daitezkeen datuak jasotzeko, Aranzadik gazteen ikuspegia kontuan izan dezakeela uste du Egilegorrek. «Gazteak material arkeologikoetara hurbiltzea lortu ez ezik, hezkuntzaren bitartez, herriarentzat garrantzitsua den gizarteko alor batean, hau da, ondarearen gizarteratze prozesuan, gure alea jarri dugu».

Egilegorrek berak, harreman handia zuen lehendik Aranzadi Zientzia Elkartearekin. «Arkeologia ikasketak egin nituen, eta bertan egon nintzen indusketa lanetan». Kasu honetan, ikerketa prozesuan zeuden ehun pieza inguru utzi zizkion elkarteak tolosarrari, ikasleekin lan egin ahal izateko. «Laborategi arkeologiko bat jarri dugu martxan. Aurrez ezagutzen nuen materialarekin lan egiteko aukera izan dut, eta batez ere, arkeologo eta hezitzaile lanak uztartu ahal izan ditut».

KANDIDO SASETA DEFENTSA SISTEMA

Pasa den uztailean, Azarolatxiki inguruan (Zizurkil) kokatuta dagoen lubaki batean indusketa lanetan aritu zen Aranzadiko arkeologo eta boluntario talde bat, hain justu, Kandido Saseta Defentsa Sistemaren barruan kokatzen den lubaki batean. Saseta Defentsa Sistema Espainiako Gerra Zibilean Eusko Gudarosteko Kandido Sasetak Andatzako mendilerroan sortutako defentsa-sistema izan zen. Ia armarik gabe, 1936ko abuztuaren 16tik irailaren 19ra bitarte, 34 egunez, tropa kolpisten jarraipena geldiarazi zuten Oria ibaiaren ezkerraldean. Aduna, Zizurkil, Asteasu eta Usurbil udalerrietan izan zen, zehazki, Herniotik Belkoainera: Zelatun, Iturriotz, Andazarrate, Santa Marina ermita, Irumuño, Zarateaitz, Zarateko Benta eta Mareamendi. Garai hartan, Azpeitiko Komandantzia eratu berria zen eta oso baliabide eskasak zituen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!