Gabonen atariko azoka, berezi

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 18a, 16:00

Iaz ospatu gabe geratu eta gero, gaur egin dute Gabonetako azoka berezia Tolosan. Plaza Zaharrean eta Alondegia plazan jarri dituzte postuak. 

Beste urteetan baino postu gutxiago jarri dituzte aurtengo Gabonetako azoka berezian, "distantziak mantentzeko lekua izateko eta jende pilaketak ekiditeko". Ohiko azokaz gain, Plaza Zaharrean eta Alondegia plazan aurki zitezkeen postuak, guzti-guztiak elikagaien bueltakoak. Zortzi postu jarri dituzte Plaza Zaharrean eta beste 20 postu inguru Alondegia plazan.

Iaz egiterik ez zen izan, eta aurten gustura etorri da berriro ere postua jartzera Ximun Iribarne, Baigorri eta Garazi artean kokatuta dagoen Lasa herritik. Baserrian ahateak dituzte, eta artisau foie saltzen dute, gaurko kasuan, Gabonetako bazkari eta afarietarako. Kontatu duenez, zazpi urtez etorri da Tolosara saltzera, eta ilusioarekin jarri du postua: "Kontuan izanda iaz ezin izan genuela etorri, aurten etorri gara eta hori guretzat sobera pozgarria da".  Jendeak dagoeneko beraien produktua ezagutzen duela esan du, eta horrekin ere pozik agertu da.

"San Tomas edota Santa Zezilia azokak bertan behera utzi dituztenez, jendea sorpresaz harrapatu du gaurko azokak", esan du Amaia Etxeberriak, Saizar gozotegiko postuan saltzaile lanetan ari zenak. Izandako harrerarekin, ordea, gustura geratu da. Gabonetan talde handian elkartzeko aukerarik izango den oraindik zalantzan izan arren, jateko behintzat mahaiaren bueltan izango gara: "Gozoa beti gozoa da, eta mokadu ona da Gabonetarako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!