Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 2021

Benetako askapenaren bila

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 20a, 13:40

Tolosaldeko Itaiaren eskutik, 'Egungo kultura progresista. Emakumeon ahalduntzea ala indarkeriaren normalizazioa?' argazki erakusketa ikusgai egon da goizean, San Frantzisko eliza atarian.

Eskualdeko emakume ezberdinek indarkeria matxistaren inguruan duten ikuspegia azaleratzen duten argazki eta bertsoekin osatu dute erakusketa. "Gorputzaren atal ezberdinak ikusi daitezke argazkietan, modu ezberdinetan. Indarkeriaren forma ezberdinak adierazten dituzte, besteak beste, estu sentiarazten gaituzten momentuak", adierazi du Ainhoa Belza Tolosaldeko Itaiako kideak.

Egungo kultura progresista. Emakumeon ahalduntzea ala indarkeriaren normalizazioa? izenburua jarri diote erakusketari, galdera hori gizarteari zabaltzeko helburuarekin. "Gaur egun, emakumea ahalduntzen ari bada ere, ahalduntze horiek askotan atzerapausoak izaten dira emakume langileentzat, eta ez zaio irtenbiderik ematen emakumeen benetako askapenari", azaldu du.

Gaurkoaren aurretik, astean zehar eskualdeko herri gehiagotan egon da ikusgai erakusketa. "Erantzun ona izan du erakusketak, herritarren interesa piztu duelako, eta beraz, pozik gaude", esan du Belzak.

Amaitzeko, datorren asteko bi ekintzekin bat egiteko deia luzatu diete eskualdeko herritarrei.Batetik, azaroaren 25ean, Donostiako Boulevardetik 18:00etan hasiko den manifestazioa. Bestetik, azaroaren 27an, berriz, egun osoko egitaraua antolatu dute Tolosan; hitzaldiak, bazkaria eta musika taldeen kontzertuak izango direla aurreratu dute. Datorren astean, sare sozialen bidez zabalduko dute bi deialdi horien inguruko informazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!