Festak ez du etenik San Esteban auzoan

Leyre Carrasco 2021ko urr. 17a, 14:24

Radio Controleko kotxeen erakustaldia, eta auzoko txarangak alaituta, hildako auzotarren aldeko zuhaitz landaketa izan dira gaur goizean San Esteban auzoan.

"Hildakoak gogoan izateko lekua". Hala izendatu du Oihana Sanchez auzotarrak gaur San Esteban auzoko parkean landatu duten hildako auzotarren aldeko zuhaitza. Ohiko meza alde batera utziz, parkeko txokoei probetxu atera nahi izan diote aurtengoari, eta hala egin dute auzotarrek. "Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak" esaldiarekin apainduta landatu dute gaur zuhaitza parkean, hain zuzen. Besteak beste, loreak jarri edota negar egiteko lekua izan daitekeela ere aipatu du Sanchezek, baina gaurkoan ez daudenak festa giroan omendu dituzte, auzoko txarangak lagunduta.

Lehiarako eta ondo pasatzeko tartea ere izan dute auzotar eta herritar askok Ttorreko aparlekuan. Izan ere, egun guztian zehar izango den Radio Controleko kotxeen erakustaldia antolatu dute bertan. Zirkuitua, tailerra eta oztopo desberdinak gainditzeko probak antolatu dituztela azaldu du Guillermo Rivera antolatzaileak: "Alde batetik, gasolinazko edo motor glue bezala ezagunak diren kotxeak ditugu; bestalde, elektrikoak; eta azkenik, eskalak direnak. Azken hauek kotxe normalak bezalakoak dira, jendeak hala sortzen ditu". Batzuk ikustera soilik hurbildu badira ere, zaletasuna partekatzen duten askok lehiara animatu direla aipatu du, eta oraindik zaletasuna ezagutzen ez dutenei ere bertaratzeko deia egin die.

Arratsaldean ere beste hainbat ekintza

Festak ez du etenik izango San Esteban auzoan, eta eguerdi eta arratsalderako hainbat ekintza antolatu dituzte. 14:00etan eman diote hasiera babarrun jateari, eta ondoren, dantzaldia eta karaokea izango da, Joxe Jabier Mendizabalen eskutik. Tartean indarrak hartzeko eta festarekin jarraitzeko atsedenaldia egingo badute ere, toka txapelketaren txanda izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!