Musikak kaleak hartuko ditu urriaren 16an

Irati Saizar Artola 2021ko urr. 8a, 12:33

Musikherria egitasmoaren bidez, Tolosako txokoak musikaz jantziko dira; egun osoko egitaraua antolatu dute eta Bisuteria orkestra taldearen kontzertuarekin borobilduko dute.

Bi urteren ondoren bueltan da Musikherria egitasmoa. Tolosako musika talde gehienak kalean batzen dituen eguna da, eta urriaren 16an ospatuko da, egun osorako prestatu duten egitarauarekin. Mikel Iraola antolatzaileak esan duenez, gogoz daude musikariak, eta baita herritarrak ere, musika berriro kalean entzuteko. 

Tolosako musika taldeei eta artistei balioa eman eta herriko musika suspertzea ditu helburu Musikherriak, Izarne Iglesias Tolosako Udaleko kultur zinegotziak esan duenez. Izaera bat eman nahian, iruditegi berri bat sortu dute, Iraolaren arabera, "Musikherria bere izaera sortzen ari delako, egonkortzen eta errotzen ari delako". Errotzeaz gain, hazten ere badoala kontatu du, geroz eta jende gehiagok parte hartzen duen eguna delako, hain zuzen. Aurten, esaterako, ohiko dultzainero, txistulari, akordeoi jole, musika eskolako talde eta txarangez gain, Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa Elkarteak eta Isidro Larrañaga musika eskolako hainbat talde txikik parte hartuko dute estreinakoz.

Egun horretarako, gune nagusi bat finkatu dute Lopez Mendizabal plazan. Emanaldi batzuk bertan izango dira goiz zein arratsaldez. Aurten, ezin izango dute ohiko moduan bazkaririk egin, baina datorren urterako esperantza badutela aitortu dute antolatzaileek.

Eguna amaitzeko, urtero, herriko taldeez gain, kanpotik beste musika talderen bat ekartzen dute eta, aurten, Bisuteria orkestra taldeak eskainiko du emanaldia Plaza Berrian, 22:30ean. Emanaldi berezia izango da, izan ere, duela gutxi, talde horretako kide zen Javi Area zendu zen eta taldeak omenaldi bat egiteko aprobetxatu nahi du Tolosako kontzertua.

Berriro martxan

Azken urte eta erdiak "gazitik" izan duela esan du Iraolak, "garai zaila izan da denontzat, musika talde askorentzat erabateko geldialdia suposatu duelako, talde askoren jarduna erabat etenda geratu delako". Talde askok etorkizuna kolokan izan dutela ere esan du. "Etorkizuneko belaunaldientzat erreferentziarik ez da izan kalean. Hiru urteko haur batek badaki zer den txaranga bat kalean?". 

Musikherria antolatzen ibiltzen direnek ahaleginak egin dituztela esan dute lehenago kalera ateratzeko, "aukerak bazeuden", baina "ateak itxita" topatu dituzte. "Gure herrian, herri giroa sortzeko aktibo garrantzitsu bat gara, horregatik pentsatzen dugu antolatzaileok aukerak bazeudela kalera lehenago atera eta bizitako giro goibel horretan ekarpenak egiteko". Iritsi zaie eguna, ordea, eta prest dira musika doinuak Tolosako txoko ezberdinetara eramateko.

Urriak 16, egitaraua

  • 10:00. Tolosako Dultzaineroak, Giro Arte dultzainero taldea eta Jainekin txaranga. Larramendi, Amarotz, Berazubi eta San Esteban auzoetan.
  • 11:00. Eduardo Mokoroa musika eskolako ikasleak, Hauspotuz elkarteko trikitilariak, Udaberri fanfarrea, Konponezinak txaranga, Isidro Larrañaga musika eskolako ikasleak. Kalez kale.
  • 12:00. Tolosa Kantari. Alde Zaharreko kaleetan.
  • 12:30. Hodeiertz abesbatza, isidro Larrañaga akordeoi orkestra, musika taldeak. Lopez Mendizabal plazan.
  • 18:00. Musika taldeak. Euskal Herria plazan.
  • 19:00. Bonberenea txaranga. Alde Zaharreko kaleetan.
  • 22:30. Bisuteria orkestra. Plaza Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!