"Eman eta jaso egiten da Bibliomula proiektuarekin"

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 3a, 20:02

Rosalia Espinosa eskuinean, Koku-yo eta Samaniegoko kideekin.

Kolonbian Bibliomula proiektua bultzatu duen elkarteko kide bat izan da egunotan Tolosan, dituzten ekimen eta behar berrien inguruko azalpenak ematen.

Egunotan Kolonbiako Fundacion Vital elkarteko kide den Rosalia Espinosaren bisita izan du Tolosak. 50 familiek osatzen duten Campo Alegre komunitatea laguntzen duen elkartea da Fundacion Vital. Hain justu, elkarte horren proiektuak aurrera eramaten laguntzen dute Samaniego ikastetxeak eta baita Tolosako Udalak ere.

Bi aldiz aldatu behar izan dute bizilekuz Cauca eskualdean Ginebra deituriko herrian bizi diren Campo Alegre komunitateko kideek. Lehenengo aldiz indarkeriatik ihesi, eta bigarrena Guabas ibaiak gainezka egin eta gero. Azken hondamendi horretan hildakoak ere izan ziren, tartean haurrak. Fundacion Vital elkartearen laguntzaz, familia horiek etxeak berregiten hasi ziren, oraingo honetan ingurumena kontuan hartuz. Etxe horien eraikuntzan lagundu zuen Koku-Yo euskal elkarteak eta harremanetan jarri zituen Tolosako Samaniego Ikastetxea eta komunitate horretako Guillermo Leon Valencia eskola. Bi eskolen harremana sendotu egin zen 2006an, senidetze hitzarmena sinatu zutenean.

Bibliomula izeneko proiektua abian jarri zuten, eta azken urteetan, Urtezaharreko Elkartasun Krosean biltzen dutena bertara bideratu dute, Koku-yo elkartearen bitartez. Komunitatea mendian kokatuta dago eta bertara oinez edo zaldiz bakarrik joan daitekeenez, eskolaren jardunari laguntzeko pentsatu zuten Bibliomula proiektua.

Egitasmoan mando bat liburutegi ibiltari bezala erabiltzen dute. Horrela, komunitatera liburuak eta bestelako eskola materiala eraman dezake. Haurren hezkuntza bermatzea ez da erraza han bizi duten egoeran, eta irakasle egonkorrik ere ez dute izaten. Proiektuarekin eskolaratzearen garrantzia eta familien eta eskolaren arteko harremana sendotzea da helburuetako bat. Hala, Bibliomula egitasmoa hobekuntzak eragiten ari da komunitatearen hezkuntza garapenean. Liburuak emateaz gain, mandoak komunitatea bisitatu duen hainbatetan beste ekimen batzuk ere bultzatu dira, antzezlanak eta bestelako kultur eskaintzak, esaterako. Alfabetizazioa lantzeko proiektua da eta ahots gorako irakurketa ere sustatzen dute, komunitate osoan aldaketak eragiteko.

Elkartasun Krosean parte-hartzaileen bidez jasotzen denaz gain, herriko zenbait dendek ere laguntzen dute. Horrekin batera, San Joan azokan Samaniego ikastetxeak postu bat jartzen du, liburuak salduz, eta bildutako dirua proiektura bideratzen dute.

Abenduan Elkartasun krosa egiteko nahia

Vital fundazioko proiektuen koordinatzaileak bilerak izan ditu azken egunetan Samaniego ikastetxeko zuzendariarekin eta irakasleekin eta Koku-yo elkarteko kideekin. "Beti bezala oso ondo hartu naute eta esan didate posible bada abenduan krosa betiko moduan egitea bildutakoa proiektura bideratzea dela asmoa". Ez da Tolosara etorri den lehen aldia, Bibliomula proiektuaren harira etorri izan baita.
 
Euriteengatik lur jausia gertatu zenean, Vital fundazioa bertaratu egin zen nola lagundu aztertzeko eta 50 familiak lekuz aldatu behar zutela ikusi zuten. "Ondoren etorri nintzen hona eta Koku-yo elkarteko kideekin elkartu nintzen. Beraietako seme-alaba batzuk Samaniegon ikasten zutenez, bertako ordezkariekin elkartu ginen, eta komunitateko eskolarekin senidetzea pentsatu genuen, zonaldea laguntzeko helburuz. Horrela sortu zen Bibliomula proiektua".
 
Erein eta irakurri
Bada, proiektuaren barruan, Erein eta irakurri emakumeekin (Sembrar y leer con mujeres) izeneko ekimena abiarazi dute berriki. "Pandemiak, batetik, ezin elkartu izana ekarri du, beraz dinamizatzaile bat joaten da etxez etxe irakurketa saioak egitera; bestetik, oinarrizko produktuen murrizketagatik elikadura subiranotasunaren garrantziaz jabetuta, baratze ekologikoa lantzen dugu".
 
Ekimen berri honetara familia asko batu dela kontatu du Espinosak, eta beraien nahia 50 familiak gauza bera egitea da. "Helburua da bertakoak bertan hezi eta formatzea eta bertan geratzea lanean eta bizitzen. Horregatik da ezinbestekoa guretzat irakurketekin jarraitzea eta familia bakoitzak bere baratze ekologikoa lantzea, euren kabuz aurrera egin ahal dutela ikusteko". Azken ekimen hori garatzeko Tolosako Udalak laguntza eman du, beste hainbatetan Bibliomula proiekturako egin duen moduan.
 
Kolonbiarrak azaldu duenez, "estatuak bermatu beharko luke herritarren ongizatea". "Baina, badakigu beti ez dela horrela izaten. 60 urte iraun duen gerratik ateratzen ari gara. Horrek deserrotze handiak sortu zituen, eta, besteak beste, elikadura subiranotasunaren kultura ahaztea". Orain, ordea, jendeari "begiak irekitzen" ari zaizkiola dio: "Oinarrizko produktuak falta zaizkienean konturatzen hasi dira, horregatik hartzen du gure proiektuak pisua orain".

Bi komunitateentzat garrantzitsua
Rosalia Espinosak nabarmendu duenez, Bibliomula proiektuan eman eta jaso egiten da. "Izan ere haurrek zentimo batzuekin era sinbolikoan laguntzen dute. Zentimo horiek euren aste-saritik jartzen dituzte horrelako ekimen solidario baten kontzientzia hartuz, eta horretaz gain, Kolonbiako gaztetxoei idazten diete eta bueltan jasotzen dute erantzuna. Bideoak ere bidaltzen dizkiete hango egunerokoa nola den azalduz. Horregatik da garrantzitsua proiektua bi komunitateetako kideentzat, Kolonbiako Campo Alegrekoentzat eta tolosarrentzat".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!