Irati Lakunza, munduko onenen artean

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 12a, 19:59

Hegats Igeriketako Munduko Txapelketan izan da Igarondo Urpekoak taldeko igerilari tolosarra eta Espainiako bi errekor ondu ditu.

Igarondo Urpekoak klubeko Irati Lakunza tolosarra Tomsken (Errusia) izan da, Hegats Igeriketako Munduko Txapelketan. Hiru probatan hartu zuen parte Lakunzak. Eskafandra modalitateko 400 metroko proban bosgarren izan zen, 3:08:56ko markarekin, errusiarren eta txinatarren atzetik. Bere kirol ibilbidean lortu duen posturik onena da, eta marka horri esker, Espainiako errekorra hobetzea lortu du. «Lehen aldiz aritu naiz munduko txapelketako final batean, eta horrek suposatzen duen presio handia uste baino hobeto kudeatu nuen», aitortu du.

Ur gaineko 400 metroko lasterketan ere, estatu mailako errekorra ondu zuen Lakunzak; 3:24:04ko denborarekin, hamabigarren izan zen. «Txapelketako lehen proba izan zen eta oso kontentu nago, izandako sentsazioengatik eta nire marka pertsonala hobetzea lortu nuelako».

Azkenik, ur gaineko 200 metroko lasterketan, hamahirugarren izan zen. «400 metroko lasterketa prestatzen aritu naiz azken hilabeteetan, eta 200 metrokoa proba leherkorragoa da. Berehala nabaritu nuen ahulgune hori». Marka hobeak egitea espero bazuen ere, txapelketa orokorrean hartuta, «oso pozik» dagoela nabarmendu du.

Igarondo Urpekoak taldetik Lakunzak egindako lana goraipatu dute: «Txapelketa izugarria burutu du, denboraldi luze honetako lan guztiaren emaitzak lortuz». Lakunzarekin batera, klubeko Jon Espina tolosarra izan da Tomsken, espainiar selekzioko entrenatzaile lanetan. «Bera ere zoriondu behar dugu, Iratiren emaitzetan zerikusi handia duelako».

Asteburu honetan, erronka berri bati egin beharko dio aurre, Benidormen (Alakant) jokatuko baita Espainiako Txapelketa. «Gozatzera noa, denboraldiko helburu nagusia bete dudalako, eta beraz, etxeko lanak eginda noalako». Berarekin batera, Igarondo Urpekoak klubeko 15 igerilarik hartuko dute parte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!