LGTBIQ kolektiboaren eskubideak defendatzeko ekitaldiak egingo dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 22a, 18:00

Zerkausia argiztatuko dute, Jabetze Eskolako xilografia ikastaroko ikasleen lanen erakusketa ikusi ahalko da eta 'Generoa' dantza ikuskizunaz gozatua ahal izango da. 

LGTBIQ kolektiboaren eskubideak defendatzeko eta aldarrikatzeko ekintzak egingo dira datozen egunetan Tolosan. “Izan ere, oraindik, kolektibo honetako pertsonek jazarpena, bazterkeria, estigmatizazioa eta indarkeria jasaten dute”, adierazi du Olatz Peon Tolosako alkateak. “Horregatik, garrantzitsua da LGTBIQ pertsonen defentsan, gay, lesbiana edo transexualek egunerokoan dituzten arazoak bisibilizatzea eta jarrera diskriminatzaile oro arbuiatzea”.

Tolosar guztiek jendarte parekidean bizitzeko aukera izateko eskubidea eta norbera dena eta sentitzen duena adierazteko askatasuna aldarrikatu du gaur Peonek, ekainaren 28aren bueltan antolatutako ekintzen aurkezpenean. Tolosa "herri anitza" dela gehitu du, eta horrek herria “aberastu” egiten duela: “Aniztasuna babestu egin behar dugu, errespetatu, errespeturik gabe ez baitago berdintasunik”.

Herritarrak sentsibilizatzeko tresnak

LGTBIQ komunitate osoaren ongizatea ziurtatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Peonek. "Dagokigun esparrutik tresnak sortzen, herritarrak sentsibilizatzen eta kontzientziatzen eta aniztasuna gizarte balio gisa sustatzen jarraitu behar dugu.Eskubide berdintasunaren aurrean pausoak eman ditu udalak, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko".

LGTBIQ egunaren bueltako egitaraua:

  • Ekainaren 23tik uztailaren 4ra, Zerkausia argiztatuko da, komunitatearen banderaren koloreekin.
  • Ekainaren 21etik uztailaren 25era, Jabetze Eskolako xilografia ikastaroko ikasleen lanak ikusgai egongo dira Emakumeen Etxeko erakusleihoetan.
  • Ekainaren 26an, 20:00etan, GenEroa kaleko dantza ikuskizunaz gozatu ahal izango da, Alondegia plazan, Kimua dantza kolektiboaren eskutik.

TOLOSALDEKO ATARIA-k LGTBIQ komunitatearen gaia zabalago landuko du ostiraleko astekarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!