«Ez gara jaitsiko; eta jaisten baldin bagara itzultzeko izango da»

Asier Imaz 2017ko api. 20a, 12:00

EBA Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, TAKE RedLine Mekanika taldeak salbazio aukerak ditu oraindik; inork gutxik espero zuen horrelakorik duela bost jardunaldi.

Denboraldi amaierarako bi jardunaldiren faltan gogotsu somatzen da Beñat Azaldegi (Tolosa, 1994). Ez da gutxiagorako. Orain dela bost jardunaldi, maila ia galdurik zuen TAKE saskibaloi taldeak; ezinezkoa zirudien EBA Ligan jarraitzea. Azken lau partidak, ordea, irabazi egin dituzte. Maila mantentzea, oso zaila duten arren, orain ez da ezinezkoa.

Zer aldatu da taldearen barruan erreakzio hau izateko?

Esan daiteke taldea EBA Ligara bigarren itzulian egokitu dela. Hobeto ezagutzen joan gara denboraldian zehar, eta amaierara bat eginik iritsi gara. Horrek ez du esan nahi bakoitza bere aldetik ibili denik orain arte. Taldeak ligara egokitzeko denbora behar izan du. Talde oso gaztea gara, eta jende berri askorekin ekin genion denboraldiari.

Horri lesioak eta jokalari berriak gehitu behar zaizkio.

Lehen itzuliaren zati handienean, egun taldean zama handia duten bi jokalari falta izan zitzaizkigun. Alde batetik, Jon Azaldegi belauneko lesio batengatik kantxatik aldenduta egon zen. Bestetik, Mikel Basterra antolatzailea denboraldi erdian etorri zen TAKE-ra. Taldeak antolatzaile bat behar zuen, eta berak asko lagundu digu hortan. Erritmoa jartzean, puntuak pilatzean... berak izugarri lagundu digu horretan.

Lehen itzulian partida bakarra irabazi zenuten.

Oso gogorra izan zen. Nahi eta ezin. Hala ere taldeak lanean jarraitu zuen. Entrenamenduetan giro ona zegoen, gogor eta gustura ibiltzen ginen. Emaitzek ez zuten laguntzen, baina giro hori ez da inoiz hautsi, eta hori izan da gakoa. Goiz edo berandu dinamika aldatuko zela bagenekien.

Agian, beranduegi.

Bi partida falta dira. Azken hirugarren postuan gaude. Maila, hiru taldek galduko dute denboraldi amaieran. Azken laugarrenarekin berdinduta gaude. Baina puntu aldea aurka dugunez, eurak postu bat gorago daude. Azken bosgarrena garaipen bakarra daukagu. Hauekin ere galduta daukagu puntu aldea.

Aukera errealak oso murritzak dira, beraz.

Bai. Baina orain dela bost jardunaldi murritzagoak ziren. Azken bi partidak irabazten baldin baditugu, eta goikoek galdu, maila mantenduko dugu.

Hori askotxo eskatzea ez al da?

TAKEk zerbait baldin badauka fedea da.

Hurrengo partida liderraren aurka, liderraren etxean. Fedea nahikoa den hor ikusiko da.

Azken lau jardunalditan erakutsi dugu fedeaz gain saskibaloian jokatzen badakigula; saskibaloi ona egiteko gaitasuna dugula. Santanderrera lotsarik eta beldurrik gabe joango gara; ausart. Ez daukagu ezer galtzeko.

Maila, agian.

Ez gara jaitsiko; eta jaisten baldin bagara itzultzeko izango da. EBA Liga oso liga polita da. Aurten hiru urte egin ditugu bertan. Bai jokalariok eta baita eskualdeak ere asko gozatu dugula uste dut. Gozamen hori behetik datozen harrobiko jokalariek ere ezagutzea gustatuko litzaiguke.

 



Baina zenbakiek ondorengoa diote: Santanderren ez baldin baduzue irabazten, eta Mondragon Unibertsitateak bere partida irabazten baldin badu, akabo.

Aukera horiei begira egotea denbora guztian alferrik da. Bai, badakigu zenbakiek hori eta gehiago diotela, baina lehen esan dudan bezala, TAKE-k zerbait baldin badauka fedea da. Duela bost jardunaldi zenbakiei begira hasi bagina, ziur lau garaipen ez genituela lortuko jarraian. Ez dute esaten errealitateari ez diogula begiratu behar. Alderantziz, errealitatearen alde baikorrari begiratu behar diogu, eta horrek azken lau partidak saskibaloi ona eginez irabazi ditugula dio.

Horrela lortu zenuten La Gallofa bigarren sailkatua mendean hartzea azken jardunaldian.

Partida oso serioa jokatu genuen. Bataz beste partida bakoitzean 78 puntu sartzen ditu La Gallofak, eta guk, 51n utzi genituen. Defentsa lan bikaina egin genuen. Aurkariaren saskian, aldiz, taldeak oso jarrera erasokorra eta lotsagabea erakutsi zuen.


Maila mantentzea lortzen baldin baduzue, EBA Ligan jarraituko al duzue?

Ez dakit. Ekonomikoki bideragarria baldin bada, niri behintzat gustatuko litzaidake.

Zure buruaz hitz egitea tokatzen da orain. Zer moduzko denboraldia egiten ari zara?

Ez hain ona. Ez dakit. Sentsazio arraroak ditut balantzea egiterako garaian. Alde batetik, saskiari begira ez naiz nik nahi bezain ondo egon. Konfiantza falta nabaritu dut denboraldiko une batzuetan. Bestetik, taldeari sendotasuna ematen lagundu diodala uste dut.

Konfiantza falta hori taldearen dinamikarekin loturik joan daiteke, ezta?

Agian bai. Baina hori ez da arrazoi nahikoa. Gehiago eman behar nion taldeari erasoko jokoan.

Estadistikei begiratuta iazko zenbakietan zabiltza. Ez al duzu estuegi hartzen zure burua?

Iaz taldeak erasoan puntuak errezago lortzen zituen. Aurten jokalari garrantzitsu batzuk ez dira gurekin egon, eta horien hutsunea guk bete behar genuen. Zentzu horretan puntu bat gehiago eman behar nion taldeari.

Saskibaloia gustatzen al zaizu?

Bai. Asko.

Zergatik?

Oso ondo pasatzen dut. Kirol fisikoa da alde batetik, baina ez hori bakarrik, buruari ere asko eragin behar diozu, momentu bakoitzean erabaki zuzenena hartzeko. Baldintza asko hartu behar dira kontuan horretarako: taldekide bakoitzaren ezaugarriak ezagutzea, aurkariak kontuan hartzea... Baldintza horiei, ordea, beste faktore bat gehitu behar zaie: erabaki hori oso azkar hartu behar duzula: zirt edo zart. Guzti horregatik oso dibertigarria egiten zait.

Gaizka Maizarekin bi urtez jokatu duzu TAKE-n. Lorpen handia lortu du ibartarrak.

Iraurgi SB taldearekin Urrezko LEB ligara igotzea lortu du asteburuan. Oso laguna dut, eta izugarri poztu naiz berarengatik. Kantxan artista hutsa da, eta aurten heldutasuna gehitu dio bere jokoari. Etorkizun bikaina du aurretik. Afariren batera gonbidatu beharko gaituelakoan nago, TAKE-n erakutsi genion guztiagatik. (Barreak).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!