Nesken futbola hedatzeko asmoz

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko api. 10a, 20:29

Gaur arratsaldean aurkeztu dute, Nescup txapelketaren II. edizioa; Berazubin jokatuko da apirilaren 22an, eta infantil mailako taldeak arituko dira lehian. Horien artean, Reala, Athletic eta Osasuna gonbidatu dituzte.

Txapelketa honen bitartez, Tolosa C.F.-ek, nesken futbola bultzatu nahi du Tolosaldean. Eskualdean bertan, futbolean jokatuz disfrutatzen duen neska kopuru handiaren berri emateko antolatzen du txapelketa hau. Egun horri gainera, jai giroa eman nahi zaio, eta futbolean jokatzen ondo pasatzeaz gain, euskal lurralde ezberdinetako parte hartzaileekin harremanak egitea oso garrantzitsua izaten da, eta hori da txapelketa honen helburu nagusienetako bat. Hala ere, infantil mailako partidez gain, alebin mailako nesken lagunarteko partidak ere jokatuko dira eguerdian.

Txapelketa, egun bakarrean jokatuko da, hilaren 22an, larunbatean, goizez eta arratsaldez. Eguerdian, berriz, bazkari bat antolatu dute parte hartzaile guztiak gonbisatuta daudelarik. Berazubin jokatuko dira partida guztiak, eta guztira, 10 taldek hartuko dute parte: Tolosa C.F.-ko A eta B taldeak, Reala, Athletic, Osasuna, Lagun Onak, Aurrera de Vitoria, Mulier, Intxaurdi eta Pauldarrak. Imanol Moyano, infantilen prestatzaileak aitortu duenez, "zorte handia" izan dute taldeen baietapenak jasotzerakoan.

Txapelketak 2 fase ezberdin izango ditu. Lehenengo fasean, hamar taldeak, bost taldez osaturiko bi multzotan banatuko dira, elkarren aurka jokatu beharko dutelarik. Eta arratsaldean jokatuko den bigarren faserako, multzo bakoitzeko bi lehenak sailkatuko dira, eta horiek, finalerdiak jokatuko dituzte, lehen taldeko lehenak, bigarren taldeko bigarrenaren aurka, eta bigarren taldeko lehenak, lehen taldeko bigarrenaren aurka. Partida horietako irabazleen artean jokatuko duten finalean jakingo da txapelduna nor izango den.

Baina, lehen sailkatuez gain, beste taldeek ere izango dute zer jokatu. Hain zuzen ere, multzo bakoitzean hirugarren postuan sailkatzen diren taldeek, 5-6 postuak jokatuko dituzte, laugarren postuan sailkatutakoek, 7-8 postuak eta bostgarren postuan sailkatutakoek 9-10 postuak. Partida horietakoren bat berdinketarekin amaitzen bada, irabazlea penalti jaurtiketen bidez erabakiko da.

Goizeko 9:30ean emango zaio hasiera txapelketari, eta 13:00etan izango da bazkaria. Bazkariaren ondoren helduko da alebinen partiden txanda. Iraupenari dagokionez, infantilen B taldeko Naroa Jauregi entrenatzaileak adierazi bezala, "partida bakoitzak 25 minutu iraungo ditu, baina finalean, 15 minutuko bi zati jokatuko dituzte." Arratsaldeko 16:30ean, emango zaio hasiera bigarren faseari, eta txapelketa amaitzeko, sari banaketa 18:40ean izango da. Bertan, 10 taldeak saritzeaz gain, jokalari onenari ere emango diote garaikurra.

Tolosako Udalaren izenean, Christian Fernandez, kirol zinegotziak, "eskerrak" eman nahi izan dizkie antolatzaileei, eta gonbita luzatzen diete futbolzaleei, egun horretan Berazubira hurbil daitezen. Bide beretik, prentsari, Tolosako Udalari eta entrenatzaileak eskertzearekin batera, Manu Ayerza Tolosa C.F.-ko lehendakariak, "jendea animatu dadila" behin eta berriz errepikatu du, guztion artean egun on bat pasatzeko. Azkenik, Maddi Garikano, infantilen A taldeko entrenatzaileak aipatu duenez, "geroz eta neska gehiago aritzen dira futbolean, eta benetan pozgarria da hori, hedatzen doan egoera bat delako."

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!