Denboraldi bukaera bikaina Alpinokoena

Alpino 2017ko mar. 30a, 16:17

Joan den asteburuan, Beret eski estazioan, iraupen eskiko Espainiako Txapelketako azken probak izan ziren eta, bide batez, eski denboraldiari amaiera eman zitzaion.

2,5 km-ko zirkuitu gogorra, aldapa pikoak eta jaitsiera teknikoekin osatuta, prestatu zuten.

Larunbatean, estilo libreko lasterketetan, Alpino Uzturre Elkarteko eskiatzaileek emaitza bikainak lortu zituzten. Txikietatik hasita, U14 kategorian Olaia Plazas irabazlea izan zen eta urrezko domina lortu zuen. Taldeko Beretxu Lavin 6., Laia Arakama 10. eta Naroa Amantegik 13. amaitu zuten. U16 kategorian, Ainara Lakuntza 9. eta Irene Amantegi 13. izan ziren. U18-an Mikel Plazas 4. eta U20n Irati Izagirre 2. (zilarrezko domina) izan ziren. Eta ohikoa iruditzen bazaigu ere, senior mutiletan Imanol Rojok urrezko domina lortu zuen.

Eguna elurte handi batekin esnatu zen eta giro lainotsua eta haizetsua izan zen. Istripu asko egon ziren eta material asko puskatu zen. Igandean, eguraldi eguzkitsua izan genuen errelebotako probak jokatzeko. Txikienen mailan, Beretxu Lavin klasikoan eta Laia Arakama eta Olaia Plazas estilo librean gogor lehiatu ziren, zilarrezko domina lortuz. U16an, Ainara eta Irenek Eibarko Elene Gisasolarekin osatu zuten hirukoa. Helduen mailan, Imanol Rojo eta Mikel Plazasek Irungo Maialen Lopezekin egin bezala, eta zilarrezko domina lortuz. Denboraldi bukaera bikaina, beraz, Alpinokoena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!