«Euskalduna ez zen giroetan euskal musika sartzea lortu genuen»

Iñigo Terradillos 2017ko mar. 24a, 07:47

Mende laurdena bete du Gozategi trikiti taldeak. Ukitu berriak eman, ohiko trikiti eta pandero doinuetatik pixka bat aldendu, eta ordura arte trikitiak lekua ez zuenetara eramatea lortu zuten. Taldeak euskal musikari egin dion ekarpenaz, bizipenez, zaleetatik jasotzen dutenaz, eta azken urteetan ematen ari den trikitiaren berpizte berriaz aritu da TOLOSALDEKO ATARIA Asier Gozategi taldekidearekin.

25 urte. Badira batzuk.

Atzoko kontuak dirudite, baina, atzera begiratzen jartzen garenean, eta 25 urte pasa direla ikustean bertigo pixka bat ematen du.

Zer sentitzen duzu hastapeneko kantuak-eta entzutean?

Ez ditut hain urrutiko bezala sentitzen, esan bezala, atzokoak balira bezala sentitzen ditut abestiak. Baina, une batez geratu, eta pentsatzen jartzean jabetzen zara zenbat denbora pasa den.

Larunbatean Bonberenean ariko zarete. Nolako kontzertua izango da?

25 urte hauetan kaleratu ditugun diskoetako abestiak joko ditugu. Ordu eta erdi bi ordu inguruko saioa izango da, eta Gozategiren betiko abestiez gozatu ahalko da.

Lehenago Bonberenean izanda al zaudete?

Ez. Euskal Herrian hainbeste lekutan kontzertuak eskaini eta gero Bonberenean oraindik ez jo izanak lotsa puntu bat ere ematen du.

Jo ez duzuen leku gutxietako bat izango da.

Bai, eta gainera kontzertua eskaintzeko ia obligazioa duzun leku horietako bat da. Esan beharra daukat, gainera, gure hastapenetan, hirukotea ginenean eta lehen maketa hura grabatu genuenean Tolosaldean hasi ginela, eta orain berriro bertara itzultzea berezia dela. Orain bi urte Tolosan sanjoanetan izan ginen, eta sekulako kontzertua izan zen. Bereziki oroimenean gordetzen dituzun horietakoa izan zen. Zale asko ditugu inguru horretan, eta pozik izaten gara bertan.

Bonbereneako kontzertua barrualdean da. Plaza nahiago izaten duzue aukeran?

Bietan ere gustura aritzen gara. Hori bai, gure musika plazarako da. Jendearentzat, eta herri guztia biltzeko musika da. Baina, toki itxietan sortzen den magia hori ere oso polita izaten da.

Emanaldi bereziak ere egin dituzue urteurrenaren harira, eta horietan partekatu nahi izan dituzue zaleekin iritziak eta bizipenak. Nola joan dira saio horiek?

Musika taldeak bere bizitza dauka, eta gero arlo pertsonalean, taldekide bakoitzak bere bizitza du, beraz, urte hauetan guztietan taula gainean ikusten duzunaz gain, beste gauza asko daude. Eta hori, jarraitzaileentzat ezezaguna izaten da. Saio horiekin hori guztia islatu eta partekatu nahi izan dugu. Oso politak izan dira, bihotzeraino iritsi zaizkigun saioak izan dira, eta era berean, uste ez genuen sentimendu batzuk ere atera dira. Momentuz alde batera utzi ditugu emanaldi berezi horiek.

Asko jasoko zenuten saio horietan.

Bai. Sentimendu askoko saioak izan dira, eta, konturatu edo espero gabe, asko ukitu gaituzte. Beraz, momentuz ez ditugu gehiago egingo.

Hainbat belaunaldiren parte da Gozategiren musika, beraz, normala da sentimendu eta bizipen asko biltzea.

Eta, harro sentitzeko kontua da. Guretzat harro sentitzeko arrazoi handienetako bat gaur egun plazara joan eta belaunaldi desberdinak gure musikaz gozatzen ikustea da. 16-17 urteko gazteak duela 20-25 urte egindako abestiak kantatzen ikustea ikaragarria da, eta ondoan helduagoak irribarre batekin egotea, eta gero denak elkarrekin kalejira bat dantzatzen... musikak eman diezazukeen gauzarik onena hori da.

Zuen hastapenera joz, 1995. urtean kaleratu zenuten lehen diskoa. Hor bertan 'Nor-nori-nork' oihartzun handia izan zuen abestia entzun zitekeen.

23 urte genituen orduan. Urte bat lehenago grabatu genuen maketan hasi zen abesti hori ezagun egiten, eta Gipuzkoako tabernatan eta txosnetan entzuten. Hortik Bizkaia eta inguruetara zabaldu zen.

Manolo Escobar kantari espainiarraren doinu ezaguna erabili zenuten.

Gure asmoa ez zen izan abesti horren bertsio bat egitea. Manolo Escobar Espainiako kantutegiko ikur bat, eta abesti hori ere Espainian oso ezaguna zena, doinu horiekin eta letrarekin talka bat sortarazi nahi genuen. Hori izan zen apustua, arriskatu egin genuen zer erantzun izango zuen jakin gabe, eta arrakasta izan zuen.

Trikitiari ukitu berriak eman zenizkioten. Kritika ugari jaso zenituzten tradizionalaren aldekoen eskutik.

Bai. Eta, guk bezala beste hainbatek ere, Tapia eta Leturia, Kepa Junkera... Trikitiaren munduari egindako ekarpenarengatik kritika ugari jaso beharra izan zituzten. Tradizionalaren aldekoek trikiti tradizionaleko abestiak entzutera ohituta zeudenak trikitia eta panderotik ateratzen bazinen akabo. Gitarra elektrikoarekin, baxuarekin eta bateriarekin ikusten zutenean trikitia esaten zuten hori ez dela trikitia. Baina trikitia zer da, ezta? Gero horiei beraiei pasodoble bat jotzen bazioten, orduan baietz, hori bazela trikitia. Trikitiak iraun badu izan da entzuten zuten musika jotzen zutelako trikitiarekin, pasodoblea izan edo beste zerbait izan. Fusionatzeak bere denbora behar izan du jendeak ulertzeko, eta une gogorrak ere bizitu ditugu, baina, gaur egun harro gaude emaitzarekin.

Hasieran kritikatu zuten horiek gero hurbildu ziren pixkana zuen musikara.

Bai. Kritikatu zutenak, erromerietan-eta mugitzen zen jendea ikusten joan ginen gustura hartuz joan zirela gure musika. Bakoitzak bere denbora behar du ohituretara egiteko, eta guri trantsizio horretan egotea egokitu zitzaigun.

Arrakastari dagokionean, unerik gorena bigarren diskoarekin iritsi zitzaizuen, 1996an.

Zalantzarik gabe urrutien eraman gaituen abestia Nirekin izan da. Erronka zaila zen, lehen diskoak izandako arrakasta gainditzea ez baitzen erraza. Talde batek disko berri bat egiten duenean eta ezagun egiten denean bigarren diskoa izaten da lasaiena, aurrekoak izandako arrakastari eustea izaten da helburua. Gure kasuan, aurreikuspen guztiak gainditu zituen.

Hemendik aurrera gure mugetatik kanpo jotzen ere hasi zineten.

Bai. 1995eko uztailean 33 emanaldi eskaini genituen, egunak baino saio gehiago, beraz. Urte horietan horrela aritu ginen, jo eta jo. Ez dakit oso jakitun ginen gertatzen ari zenaz. Baina, esan dezaket oinak lurrean izan genituela. Musika gustatzen zaigulako hasi ginen musika egiten, eta helburu bakarra musikaz gozatzea eta musika egiten jarraitzea zen. Nabarmendu behar dut taldekideek, nire arrebak... ere asko lagundu zutela bide guztian. Eta horrek eraman gaitu honaino iristera.

Pixkana, eta hirugarren diskoak ere horrela erakusten du, ukitu berriagoak nahasten joan zineten.

Gozategiren goxotasun eta esentzia galdu gabe, baina, pixkana berrikuntzak sartuz joan ginen. Ekoizleek ere argi zuten bidea horrek izan behar zuela.

Hor, besteak beste, 'kalanbreak' abestia sartu zen oso ondo. Ez dakit ajearekin zineten une batean sortua izan oten zen.

Gazte guztiak gaude horrelako egoeretatik pasata [kar, kar]. Abestiak oso harrera ona izan zuen, eta gaur egun ere, kontzertuetan oso erantzun polita izaten du.

Egin zenuten beste ekarpena da kontzertu eta erromeriez gain, zuen musika tabernetako gaueko parrandetara ere eraman zenutela.

Gu ikasten hasi ginenean trikitia, trikitia eta panderoa zen. Tradizionala. Kalejira, porrusalda, arin-arina, fandangoa ikasten ziren. Gauza berriak egiten hasi ginenean eta trikitia nahasten beste doinuekin, bolada boladan jarri zen, eta gu bezala beste talde batzuk ere bide beretik aritu ziren, hala nola, Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar, Etzakit. Loraldi horri esker lortu zen trikitia irratietan eta irrati formuletan entzutea. Deigarria da, esaterako, 40 principales irratian gure musika jartzen zutela, eta euskalduna ez zen giroetan ere bai. Horrekin batera, giro horietan euskal musika sartzea lortu zen, gureaz gain beste taldeetako musika ere jartzen baitzuten. Lorpen moduan hartu genuen hori, euskal musika zabaltzeko balio izan zuelako.

Hain maila gorenean oso luzaroan jarraitzea ez da erraza, eta nolabaiteko epeltze bat etorri zen gero.

Trikitian eman zen boom hori berritasuna zen hasieran, baina, trikiti talde ugari sortu ziren eta berritasun izateari utzi zion, pixkana indarra galduz joan zelarik. Gure kasuan, beste gauza batzuk egiteko tartea ere hartu dugu, izan ere bizitza ez da musika bakarrik. 2000. urtetik 2006. urtera arte familia kontuak ere gehitu behar dira, eta beraz, burua ez daukazu lehen zenuen horretara soilik. Bizitzak aurrera jarraitzen du, baina, zortea izan dugu musika albo batera utzi gabe jarraitu ahal izan dugulako, eta oraindik ere hor jarraitzen dugulako.

Musikaren lanbidea ere ez da errazena familiarekin uztartzeko.

Ez da errazena, baina garbi baduzu nora zoazen eta zentzuz eta errespetuz ematen baduzu posible da. Zaila da, izan ere, ordu txikitan jotzea egokitzen da, une txarrak igaro behar dituzu, eta onak ere bai noski. Baina, sinesten duzun horretan aurrera jarraitu behar duzu, eta gustuko duzuna musika bada, bada musika egiten jarraitu behar duzu.

Eduki sozialek, politikoek, maitasun kontuek bete dituzten zuen abestietako letrek.

Ironia, umorea eta kritikak beti izan dute lekua gure musikan, eta baita maitasunak ere. Aldarrikapenak beti presente izan ditugu.

Horien guztien artean ba al da abesti kuttunik?

Bat aukeratzea oso zaila da, guztiak maite ditut. Esango nuke gehiago uneak izaten direla. Abestiekin sortzen diren uneak.

Loraldiak epeltze bat izan zuela aipatu dugu, baina, azken urteetan berriro egin duela gora ere esan daiteke, ezta?

Orain urte batzuk euskal munduak, trikitiak eta erromeriek «guay» izateari utzi zioten gazteentzat, agian, dantzarako musika mota batzuen sartzearen ondorioz. Lehen herriez gain, auzoetan ere antolatzen ziren festak, eta indar handia zuten, baina, horien gainbehera iritsi zen. Orain, berriz, azken bost urteetan edo, konturatu gara Gipuzkoan, herri txikietan-eta, lehengoko giroa ari dela berriro ere indarra hartzen. Ilusioz ari dira antolatzen, apustua egiten ari dira euskal musikarekin eta erromeriekin, eta harrera ona izaten ari da.

Zuek hori pozez hartuko duzue.

Noski. Ez soilik Gozategi moduan, baizik eta euskaldun moduan. Plaza askotan antolatzaileek mezu hori ematen digute, berriro ere euskal giroa berpizten ari dela, gazteek nahiago dutela berriro giro hori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!