Hiru egunetan, 10 metro kubiko hondakin atera dituzte Oria ibaitik

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 23a, 09:50

2003. urteaz geroztik ez zuen, Tolosako Udalak, halako garbiketarik antolatzen; guztira, 350 boluntario eta ikasle aritu dira, egunotan, uraren ingurunea garbitzeko lanean

Uraren Nazioarteko Eguna baliatuz, Tolosako Udalak atzo plazaratu zituen Oria ibaiko garbiketak emandakoak: bilketa baten faltan, 10 metro kubiko hondakin bildu dituzte hiru egunetan. Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak, Iñigo Muñoz ingurumen teknikariak eta Andu Martinez de Rituerto Zumardia elkarteko kideak azpimarratu zutenez, «uste baino hondakin gehiago» bildu dute, «eta uste baino objektu handiagoak».

Larunbatean ekin zioten ibaiaren inguruak garbitzeari, eta herritarrei egindako deialdi irekiari 50 boluntariok erantzun zioten; udaleko nahiz elkarteetako kideek ere parte hartu zuten. Astelehenetik asteazkenera bitarte, berriz, Herrikide, Orixe eta Laskorain ikastetxeetako 300 neska-mutil aritu dira garbiketa lanetan. Izan ere, Eskolako Agenda 21 egitasmoaren haritik, uraren gaia jorratzen dihardute, 2016-2017 ikasturtean, Tolosako ikastetxe guztiak.

Patxi Amantegik pozgarritzat jo zuen Oria ibaiaren garbiketan hainbeste tolosar parte hartzen ikustea: «Ibaia oso garrantzitsua da Tolosan, eta uraren kalitatea ona da gaur egun. Ez, ordea, uraren ingurunea: ibaiak asko du, oraindik, hobetzeko».

2003. urteaz geroztik, Tolosan ez zen halako auzolanik antolatu Oria garbitzeko eta, beraz, zenbait hondakinek hamarkada pasatxo ibai ertzean pilatuta zeramatela ere ohartarazi zuten atzoko agerraldian.

Ez baitituzte plastikoak eta antzeko hondakinak bakarrik jaso: bolumen handiko hondakinak ere bildu behar izan dituzte. «Tuberiak, erosketa karroak, kaleko trafiko seinaleak, 100 kilo inguruko bolardoak,... denetik zegoen», azaldu zuen Martinez de Rituertok. Horren harira, zenbait herritarren kontzientzia falta ere gaitzetsi zuten: «Jaso ditugun hondakin asko nahi gabe eroritakoak dira, baina erosketa karroak eta seinaleak ez dira nahi gabe eroritako objektuak; areago, bandalismotik gertu daude».

Hain zuzen horregatik, Oria ibaiaren garbiketarekin bi helburu bete direla nabarmendu zuen Iñigo Muñoz ingurumen teknikariak: «Batetik, ibaia eta haren ingurua garbitu ditugu, baina, era berean, oso jarduera hezitzailea izan da gaztetxo nahiz helduentzat».

Bide horretan eta, aurrera begira, udalak kontzientziazioan jarri nahi du fokua, eta tolosarrak deitu dituzte, ibaia gertuagotik ezagutzera: «Eroskiko zubian dauden eskailerak jaitsi, eta Berazubiko zubiraino oinez zeharkatu daiteke ibai-ertza. Oso leku polita da, eta kosta egiten zaigu bertaratzea, baina benetan merezi du», dio Amantegik.

Era berean, Oria ibaia uretatik ezagutu nahi dutenek, Zumardia elkarteko kideekin harremanetan jarri eta ibaian gora piraguekin igotzeko aukera dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!