Tolosa CF-ren igandeko partida, errefuxiatuen alde

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 16a, 20:14

Igandean Tolosa CF-k etxean jokatuko du sailkapen nagusian laugarren postuan dagoen Portugaleteren aurka, 16:30ean, Berazubin. Sarrera dohain izango da, baina eskualdeko herritarren laguntza jasotzea espero du klubak.

Mikel Arribillaga Tolosa CF-ko zuzendaritzako kideak eta Peio Garcia Amiano Zaporeak-eko sortzaileak prentsaurrekoa eman dute gaur arratsaldean, igandeko partida jokatuko den zelaian. Futbol zaleengana eta eskualdeko herritarrengana zuzendu dira biak, igandean elkartasun-laguntza eskatzeko.

Tolosa CF-k Hirugarren Mailako 30. jardunaldiko partida jokatuko du etxean, aurkari benetan gogor baten aurka. Sarrera, ordea, dohain izango da. Horren lekuan, bertaratzen direnei borondatea eskatuko zaie, Zaporeak proiektura bideratzeko.

Zaporeak egitasmoak Greziako Chios irlan sukaldea zabaldu zuen iaz, Siriako errefuxiatuei laguntzeko. Berazubin biltzen dena helburu horretarako izango da. Laguntza bai ekonomikoa bai janaritan izan daiteke: kontserba-latak eta lekaleak, latan zein potean, eta hauek jasotzeko Zaporeak egitasmoaren eltzetxoak eta edukiontziak ezarriko dira sarreran. Horrela, egitasmoko kideei elkartasuna eta babesa azaldu nahi diete Tolosa CF-ko kideek.

Peio Garcia Amianok proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu: "Urtebete ondoren sukaldea itxi beharrean izan gara, bertako agintariek gero eta arazo gehiago jartzen baitizkigute. Horrek ez du esan nahi proiektua gelditu egin dugunik. Janaria banatzen jarraitzen dugu, Chios-eko udalaren laguntzarekin. Bide horretan jarraituko dugu, gainera, errefuxiatuen egoera oso larria delako eta laguntza behar dutelako. Kanpaleku desberdinetan sukaldeak jartzeko asmoa daukagu. Hemendik janaria bideratuko genieke, eta eurak arduratuko lirateke sukaldearen martxaz, gurekin koordinaturik. Horregatik oso garrantzitsua da prestaturiko janaria bidaltzea". Amianok Tolosa CF-ren ekimena eskertu nahi izan du, eta igandean herritarrak futbol zelaira gerturatzeko deia egin du, Mikel Arribillagak bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!