Tolosar bat Camp Nouko eromenaren erdian

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 9a, 17:35

Aritz Iglesias Barça eta Paris Saint Germain-en arteko partida ikusten egon zen atzo zelaian. Bartzelonan bizi da tolosarra, eta momentu historiko baten lekuko izan zen. Inork ez zuen orain arte 4-0eko aurkako emaitza bati buelta ematea lortu, Txapeldunen Ligan.

Sarrerak nola lortu zenituen?
Neska-lagunaren aitonak hiru sarrera izaten ditu, eta ia partida gehienetara joaten gara.

Futbol aditu batek (Julio Maldonado ‘Maldini’) atzo gauean esana: "Milaka partida ikusi ditut, baina ez horrelakorik".
Parisekoa eta gero, bi aste egon dira esan eta esan 4-0eko bati buelta inork inoiz ez diola eman Txapeldunen Ligaren edo Europako Txapelketaren historian.

Gauza bat 4-0ekoari buelta ematea da, eta bestea, nola gertatu zen hori.
Pelikula baten antzekoa izan zen. Partida joan edo ez ibili da jendea Bartzelonan. “Zerbait pasatzen baldin bada historikoa izango da, eta joan egin beharko da”, esaten zuten. Jende asko lehen zatia ikustera joan zen, atsedenaldian etxera itzultzeko asmoz. Baina pelikula bateko gidoia bezala izan zen. Partida hasi aurretik kanpoan giro izugarria zegoen; Real Madrid eta horien aurka egoten den horietakoa. Normalean Camp Nou lasai-lasai egoten da. 100.000 pertsona sartzen dira, baina antzoki bat da: isil-isila. Behean Animazio Harmailak daude, beti kantuan egoten direnak, baina horiez gain, dena isil-isilik egoten da. Oihu bat botatzen baldin baduzu, entzun egiten da. Atzo giro pixka bat zegoela nabari zen. Gainera Txapeldunen Ligarekin ez da hemengo jendea oso ondo eramaten, Esteladen auzia dela medio. Partida hasieran Txapeldunen Ligako ereserkia jartzen dute, eta jendeak txistu egiten du.

Giroa bazegoen, baina konbentzimendu handirik ez.
Aurreko larunbatean taldeak partida ona jokatu zuen, Celta-ri 5-0 irabaziz. Zerbait animatu zen jendea, eta agian zer edozer egin zitekeela pentsatzen zuten.

Eta dena bikain hasi zen.
Lehen 10 minutuetan gol bat sartu beharra zegoela zioen jendeak, eta gol hori bigarren minutuan etorri zen. Atsedenaldira 2-0ekoarekin joan ginen. 21:30ean amaitzen da lehen zatia eta ogitartekoa jatera joaten gara, kanpoko aldera. Jendeak lan erdiak egin zirela esaten zuen, baina oraindik asko geratzen zela.

Jendea etxera behintzat ez zen joan atsedenaldian, ezta?
Ez, oraindik ez. Hirugarren gola bigarren zatiko lehen minutuetan etorri zen, eta orduan izugarrizko festa hasi zen. Urduritasuna izugarria zen eta jendea oihuka hasi zen. Baina pelikuletan pasatzen den bezala, bat-batean pum! beraien gola etorri zen.

Eta orduan bai; jendeak etxerako bideari ekin zion.
Bai, eta jende askok gainera. Gure artean hitz egiten aritu ginen, eta gure ingurukoek ere gauza bera esaten zuten: lehen zatia zein ondo pasa dugun ikusita, bukaera arte geratu beharko da; taldeari txalo egin eta listo. Jendea joaten ari zela etorri zen laugarrena bat-batean. Nik uste Neymarrek ere ez dakiela falta horretatik gola nola lortu zuen.

4-1, baina beste bi gol behar ziren, eta 45. minutua gainean zen. Ez zegoen denborarik.
Ondoko batek esan zuen, 45. minutua baino lehen gol bat eta ondoren bost minutuko luzapena. Denbora lotsagarri galdu zuten, eta horrelako zerbait eman behar zuela denok genekien.

Eta orduan iritsi zen penaltia.
Hain justu penaltia sartu orduko atera zuen laugarren epaileak 5 minutu jartzen zuen kartela. Ero moduan denok oihuka hasi ginen. Lehen jokaldian ez zen posible izan, baina bigarrengoan… Ez genuen sinetsi ere egiten. Gola sartu zuenean jende guztia bere onetik aterata zegoen. Ni blokeatuta geratu nintzen: “Benetan pasa al da hau?”. Denak jauzika, oihuka, elkar besarkatzen… ilara batekoak beste ilarakoekin, ezezagunei besarkatuta, txaloka, negarrez… Besarkada kolektibo bat izan zen; ez sinesteko moduko zerbait.

Eta bideoan ikusten da pixka bat hori.
Seigarren golaren ospakizuna oso luzea izan zen. Mugikorra hartu eta grabatzen hasi nintzen. Koadrilako batzuk Real Madrid-ekoak dira, eta partida aurretik adarra jotzen ibili zitzaizkigun Bartzelonaren aldekoak garenoi. 4-0ekin bideo bat grabatu eta bidaliko niela esan nien. 6-1 jarri zirenean “hau da momentua” esan nuen. Golaren ondoren hasi nintzen grabatzen, eta epaileak amaiera eman arte jarraitu nuen. Orduan zuzenean eromena sortzen da.

Ez zelaian eta jarraitzaileon artean bakarrik. Adibide bezala: Ingalaterrako telebistako narratzaileak jauzika eta saltoka ikusi ditugu telebista platoan; eta horien artean Real Madrid-eko jokalari ohi bat dago.
Zerbait historikoa izan da; benetan astakeria bat. Futbolari duen baina garrantzi gehiago ematen diogula uste dut, baina horrelako momentuak bizi osorako geratzen zaizkizu.

Partida bukatu eta inor ez zen mugitu zelaitik.
Atlethic-en aurka kopako finalera joateko zortea izan nuen, eta han bezala izan zen. Jendea ez zen mugitzen. Azkenean musika kendu behar izan zuten handik etxera bidaltzeko.

Jendearen aurpegietan nabarituko da zerbait gaurkoan.
Nabaritzen da. Ni eta beste hainbat lanera Barça-ren kamisetarekin etorri gara. Madrid zaleak pixka bat zirikatzeko ere balio izan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!