Astelenita 2017

«Nire ustez politena egunean zehar egoten den giroa izaten da»

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 27a, 14:46

Modu berezian bizi ditu Imanol Mendizabalek (Ikaztegieta, 1997) inauteriak. Txikitatik jaso du inauterizaletasuna, eskolatik eta familiatik, eta bereziki gustuko du egunez sortzen den giroa.

Zer dira zuretzat inauteriak?

Niretzako festa garrantzitsuak dira. Ilusio handiarekin hartzen ditut inauteriak, ondo pasatzeko gogoz. Azkenean, festa egunez gain, aurretik datorren prestaketa bat ere bada. Inauteriak astebete badira ere, niretzako bi hilabete aurretik ere bizitzen hasten zara.

Ikaztegietarra izanik, nola bizitzen dituzu, zer lotura duzu Tolosako inauteriekin?

Txikitatik eskolan-eta festak egiten genituen inauterietan, eta familiaren aldetik ere beti ohitura izan dugu Tolosara joateko. Ez dakit tolosar batek bezala sentitzen ditudan inauteriak, baina niretzako oso festa politak eta bereziak dira.

Bada ezberdintasunik tolosar baten eta inguruko herrietako baten artean inauteriak bizitzeko moduan?

Egia esan ez dakit. Agian tolosar batek konpromiso gehiago hartzen du festaren antolaketan, eta gero karrozak-eta egiterakoan. Guk adibidez bi urtetan atera dugu karroza edo plataforma, baina gero utzi egin genion, eta bakarrik mozorrotu egiten gara. Uste dut tolosarren aldetik konpromiso gehiago dagoela zentzu horretan. Gero, ondo pasatzerakoan, ez du hainbeste axola nongoa zaren.

Nola azalduko zenioke zer diren Tolosako inauteriak ezagutzen ez dituen bati?

Esango nuke festa herrikoi batzuk direla, jende guztiarentzako irekiak direnak, eta ezaugarri nagusiena mozorrotzea dela, noski, eta ondo pasatzea. Eta esango nuke berezitasuna ere baduela batez ere egunez egiten den festa delako. Orduan dago giro gehiena. Gero gauean, eguneko giro horrek jarraitzen du, baina nire ustez politena egunean zehar dagoen giro hori da.

Nola antolatzen zarete prestaketak egiteko?

Karroza atera gabe ere nahiko komeri izaten ditugu erabakitzeko zertaz mozorrotu. Aurreko bi urteetan karrozarekin atera ginen eta bi hilabete lehenago hasi ginen prestatzen. Gauza asko behar dira: karroza edukitzeko lekua, material guztia, bozgailuak, generadorea... eta gero mozorroa prestatu behar duzu. Bi hilabete bizi izaten dira dena prestatzeko, baina gero merezi du.

Zein egunetan ateratzen zarete?

Ni ez naiz txupinazora inoiz joan, baina bai joan izan naiz arratsaldeko girora, afaldu, eta parranda egitera. Larunbatean ere atera ohi gara parrandan, eta igandean, astelehenean eta asteartean egunez ibiltzen gara mozorrotuta, eta gauetan egunak emandakoaren arabera.

Ohitura jakinen bat baduzue inauterietan?

Zezen plazara joaten gara eta txarangen atzetik-eta ibiltzen gara, baina ez nuke esango ohitura berezirik dugunik.

Mozorrotzerakoan, pertsonaian sartzen zarete?

Karroza ateratzen duzunean, festaren erdian zaude eta bai sartzen zarela gehiago rolean, dantza bat ere prestatzen duzu, baina bestela ohiturarengatik mozorrotzen gara. Karroza prestatzen duzunean, prestaketekin gehiago bizitzen duzu, eta orduan ere inauterietan gehiago sartzen zara rolean. Ez hainbeste antzezpenaren aldetik, baizik horren atzean lan bat egon denez, ilusio gehiagorekin hartzen duzu.

 

MOTZEAN

Egun bat? Igandea.

Eguna ala gaua? Eguna.

Txaranga doinu bat? Ez dut bereziki gustatzen zaidan bat. Aukeratu beharko banu, Baila negra.

Jantzi duzun mozorrorik gustukoena? Burezur mexikarrez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!