Inaute-arratsaldeen plaza prest da festarako

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 22a, 11:42

Amaitu berri dute zezen plaza eraberritzeko proiektuaren lehen fasea; obra osoa 2020an amaitzea aurreikusi du udalak

Urteroko prestaketa lanei bestelako atontze bat gehitu zaie, aurten, inauterien atarian: zezen plazarena. Tolosako Udalak 2016an garatu zuen zezen plaza eraberritzeko proiektua, eta lehen fasea hastear diren inauterietarako biribiltzea aurreikusi zuten. Bada, plaza prest da festarako.

Finean, plaza gaur egungo irisgarritasun eta segurtasun baldintzetara egokitzea izan da udalaren helburua, eraikina 1903. urtekoa baita. Horrela,behar premiazkoenei heldu nahi izan diete lehen zatian: irteeren eskasiari eta pasabideen altuerari.

Batetik, hiru irteera berri jarri dizkiote plazari, eta irteera berri bakoitzeko 20 eserleku kendu dituzte; guztira, 60 eserleku.

Era berean, harmailetatik ateratzeko eskailerak ere egin dituzte, sarrera nagusiaren alboan. Izan ere, sarrera nagusia bera zabaltzea ezinbesteko lana izan da. Orain arte 2,3 metroko zabalera zuen pasabideak, baina horrek oztopatu egiten zuen hondarretan 500 pertsonarentzako lekua lortzea; horrenbestez, atea handitu behar izan dute. Azkenik, palkoetako barandak indartu egin dituzte.

Udalak 137.670 euroko aurrekontua baliatu du eraberritzearen lehen zatia osatzeko.

2020RAKO, PLAZA BERRIA

Egindako lanari beste hiru fase gehituko dizkio udalak, plazaren eraberritze osoa bukatzeko.

Palkoen egitura partzialki sendotuko dute aurten, eta harmailak oso-osorik berritzeko lanak bi urtetan banatuko dituzte: 2019an eta 2020an. Pitzaduraz eta zartatuz josita daude egungoak eta, gainera, tendiduko harmailek ez dute gaur egungo araudia betetzen: haien zabalerak 50 zentimetrokoa izan beharko luke, baina 36 zentimetrokoa da.

Fase guztiak gauzatzeak 1.191.407 euroko gastua izango du, eta zezen plazan 3.316 pertsonarentzat lekua izango da, 2020tik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!