Egurraren bueltan

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ots. 11a, 14:25

XXII. Zuhaitz Azokak hartu du gaur, Trianguloa. Era guztietako zuhaixka, zuhaitz eta landareak ikusi eta erosi ahal izan dira. Tolosako erdigunean mintegi erraldoi bilakatu da eta Euskal Herri osoko ordezkariak izan dira bertan. Era berean, Don Bosco paper eskolakoak ere bertan izan dira eta mikroskopioak eraman dituzte egurraren egitura ikusi ahal izateko. Ingurumen Zentrokoek argazki erakusketa bat jarri dute eta jokoak prestatu dituzte haurrentzat. Zuhaitzak nola kimatu ikasteko aukera ere egon da.

Asko izan dira gaur, Tolosako urteko lehen azoka berezira gerturatu direnak. Zuhaitz Azoka egin dute Trianguloan, eta zuhaixka, zuhaitz eta landareak eskuratzeko aukera izateaz gain, mintegietako ordezkariei galderak egiteko aukera egon da.

Aurten berrikuntza bezala, tailerrak ere izan dira. Batetik, Ingurumen Zentrokoek argazki erakusketa bat jarri dute eta haurrek hainbat joko izan dituzte aukeran, zuhaitzen inguruan gehiago jakiteko. Inma Perez Ingurumen Zentroko kideek esan dutenez, argazkietan Gipuzkoako zuhaitz esanguratsuak ikusi ahal izan dira. "Horietako bi eskualdekoak dira; Altzoko pagoa eta Albizturgo Douglas izeia, Tolosan dago, baina Albizturretik oso gertu", esan du Perezek. "Zuhaitzen beste alde bat erakutsi nahi genuen. Zuhaitzak ez dira baliagarriak bakarrik, fruituak edo egurra emateko, edertasunarengatik ere oso baliotsuak dira", gaineratu du. Haurrentzako hainbat joko ere eraman dituzte. Esate baterako, kukumiku bat zuhaitzetako hosto eta fruituak elkartzeko. Marrazki batzuk ere jarri dituzte, koloreztatzeko, eta hauen bidez ikasi ahal izateko.

Bestetik, Don Bosco paper eskolakoak ere kalera atera dira gaur, Zuhaitz Azokaren harira. Mikroskopioak eraman dituzte eta Leire Martinez irakasleak esan duenez, zuhaitzak barrutik nolakoak diren erakutsi nahi izan dute. Kimika guztia ez dela kutsakorra ere erakutsi nahi izan dute, "birziklapenaren inguruan tetrabrik bat nola osatzen den erakutsi nahi dugu eta papera nola lortu daitekeen erakutsi". Paper eskola itxi egin zuten, baina berriz ere ireki eta lanean ari dira bertan eta hori ere erakutsi nahi izan dute. Egoitza Errenterian duen Don Bosco ikastetxeko parte da orain Tolosako paper eskola eta ikasturte honetan 50 bat ikasle daude bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!