Urkizurako bidea itxi dute, luizi bat dela eta

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 8a, 17:23

Gaur itxi behar izan dute bidea eta bihar ere egun guztian egongo da itxita; urtarrilaren 17an leku berean egon zen luizia eta bost egunez aritu ziren bertan lanean.

Luizia izan da gaur goizaldean, Urkizura igotzeko errepidean eta ondorioz bidea itxi du Ertzaintzak. Luizia izan den tokitik gora bizi diren bizilagunak Albizturretik barrena iritsi daitezke Urkizura. Tolosako Patxi Amantegi zinegotziak azaldutakoaren arabera, bihar ere egun guztian egongo da bidea itxita, eta baliteke etzi arte ez irekitzea.

Ez da leku horretan egon den lehen luizia. Izan ere, aurreko euriteen ondorioz, urtarrilaren 17an, luizia egon zen leku berean eta orduan ere bidea itxi behar izan zuten. Antxon Bandres zenaren etxe inguruan, monolitoa dagoen toki inguruan, izan dira luiziak, hain zuzen. «Inguruan dagoen iturritik ura ateratzen den bezalaxe, beste leku batean ere pilatzen hasi da ura eta luizia izan da. Lur asko zegoen bertan», esan du Amantegik. Urtarrilean izandako luiziaren ondorioz, 5 egunetan egon ziren bertan lanean. Lur asko kendu zuten eta zonaldea txukuntzen egon ziren Foru Aldundiko teknikariak, baina atzo, hala ere, metro bat lokatz pilatu zen errepidean. «Lanak egiteko tokia zaila da, goitik kendu behar da lurra eta lur asko dago. Hainbat aukera daude berriz ere arazoa ez errepikatzeko, baina Foru Aldunditik esan beharko dute zer egin, bere eskumena baita».

Tolosako zinegotziak azaldu duenez, Tolosako Udala herritarrei laguntzeko prest dago eta haurrak eskolara joateko, esaterako, taxi zerbitzua erabiltzeko deia egin dietela esan du, autobusak ezin baitu Albizturtik barrena joan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!