Tolosako ikastetxeetako gurasoen erdiek gaztelerara jotzen dute, haurrak aurrean ez daudenean

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ots. 3a, 08:05

Galtzaundi euskara taldeak Gurasoen Hizkuntza Erabileraren Neurketa egin du Tolosan; aurrera begira lanean jartzeko abiapuntuak zehaztuko ditu, orain, euskara taldeak.

Tolosako Hirukide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeen atarietara bertaratu, eta ikastetxe horietako gurasoen hizkuntza ohiturak jasotzea izan da Galtzaundi euskara taldearen azken egitekoetako bat. Guztira, 618 elkarrizketatako datuak jaso dituzte, eta hainbat ondorio atera: besteak beste, gurasoen erdiek baino gehiagok gaztelerara jotzen dutela, haurrak elkarrizketa horretan ez daudenean.

«Txikitan hartzen diren hizkuntza ohiturek zeresan handia izaten dute etorkizunean ere», Galtzaundiren arabera. Horri, «hizkuntza, batez ere, etxean jasotzen» dela gehituz gero, neska-mutilen gurasoen hizketarako joerek berebiziko garrantzia hartzen dute, eta horrek bultzatu ditu neurketa egitera.

Aipatzekoa da kale inkesten eta kale neurketen arteko desberdintasuna: inkestetan, hiztunak badaki bere hizkuntza erabilera neurtzen ari direla, aldiz, neurketetan edo behaketetan hiztunak ezer ez jakitea irizpide bilakatzen da. Galtzaundiren ikerketaren kasuan, gainera, testuingurua bera ere berezia izan da: Lehen Hezkuntzako haurren gurasoak izan dira behaketaren jomuga. Alegia, oro har ikastetxera joateko laguntza behar duten haurren gurasoak; hizkuntza ohiturak errotzen diren adin-tarteko haurren gurasoak.

2016ko iraila eta urria bitartean egin zuten datu bilketa, eta 787 guraso –edo arduradun– neurtu eta gero, lehen datua pozgarritzat jo daiteke euskararentzat: elkarrizketa guztien %67,39 euskaraz izan ziren. Gaztelerazko hizketaldien portzentajea %30,09koa izan zen eta, aldiz, beste hizkuntza zenbaitetan izandako elkarrizketak %2,52 izan ziren.

Eskoletako atarietan, sartu-irtenetako ordutegietan, euskarak presentzia gehien duen momentua guraso eta haurren arteko elkarrizketena izaten da. Zehazki, seme-alabak eta gurasoak elkarrekin hitz egiten ari direnean, kasuen %74,90etan euskaraz hitz egiten dute; gazteleraz %22,09 aritzen dira, eta %3,01 beste hizkuntzatan.

Kontrara, ordea, neurtu eta behatutako elkarrizketetako protagonistak gurasoak bakarrik direnean –baina haurrak gertu daudenean–, datuak kezkaren forma hartzen du. Izan ere, Tolosako ikastetxeetako gurasoen %52,81ak gazteleraz hitz egiten dute euren artean, eta %46,06 dira euskaraz aritzen direnak. Aldea ia 29 puntukoa izanda eta, gurasoen ohituren pisua frogatuta, jorratu beharreko adarra da gurasoen hizketarako joerena.

Elkarrizketetako kideen nolakotasunari begiratu dioten bezala, elkarrizketan neurtu dituzten eremuak ere berebiziko garrantzia duela ohartarazi du Galtzaundik: eskola inguruetan euskararen erabilera nabarmen hazten da. Baieztapen hori egiteko 2015ko kale neurketak baliatu dituzte, eta helduek nahiz haurrek, gehiago hitz egiten dute euskara eskola inguruan, kalean baino: %5 gehiago helduek eta %8,4 haurrek.

Ohiturak, aldatzeko

Tradizioak sortu egiten diren bezala, ohiturak ere aldatu egiten dira, hala nahi izanez gero, eta Galtzaundi euskara taldeak argitaraturiko ikerketa, aldaketarako deia izan daiteke zenbait gurasorentzat.

Hirukide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeek esku-artean dituzte, jada, beren ikastetxe atarietan jasotako datu zehatzak, eta oinarri horren gainean plangintza estrategiko bat garatuko du eskola bakoitzak, komenigarri iruditzen zaien moduan.

Euskara taldeari dagokionez, berriz, neurketak «aurreikusitako zenbait joera baieztatu» dizkiela azaldu dute, eta zirkulu euskaltzaleetatik kanpo eragitea da, orain, Galtzaundiren erronka nagusia, erabileran eragiteko. Momentuz, gurasoen hizkuntza ohituren inguruko diagnosia lau urtez behin burutzea proposatu dute Tolosako Euskara Mahaian, egindako lanaren fruituak baloratu, eta jarraikortasuna lortzeko. Hori horrela, 2020-2021 ikasturtean egingo lukete hurrengo neurketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!